Boligrafo Gorria
Kulturgintza
by Gorka Bereziartua
  • Kulturgintza

Dena konpondu da Donostia 2016n

Gorka Bereziartua
2015-05-27
1

Donostia 2016ren egoitzan dena primeran ari dira egiten astelehen honetatik.
Donostia 2016ren egoitzan dena primeran ari dira egiten astelehen honetatik.

Eta ez da Jose Ignacio Wertek iragarri berri duenarengatik. Keba. Lehenago hasi ziren gauzak martxa onean azkenik.
Igandea izango zen oraindik, 23:00ak pasatxo edo. Ordurako nahiko argi adierazten zuten zenbaketek Gipuzkoako botoen tortillak (arrautza pare batekin!) buelta eman zuela. Eta horrek, gure hiriburu oso europar, tope kultural eta erabat inminenteari aldaketa garrantzitsuak ekarri dizkio, bi aspektutan nagusiki.
Bat:
Bukatu dira Donostia 2016ren gestio-arazoak. Ez dira bukatuko, ez. Bukatu dira ja. Aurrerantzean suhiltzaileena izandako edifiziora inor lanera joango ez balitz ere, kultur hiriburua primeran dabilela esango lizuke mundu guztiak.
Programazioko kontzertu nagusi gisa Joan de Son Rapinya sartuko balute ere, norbaitek asmatuko luke hori abangoardia musikaltzat aurkezten. Tximino epileptikoen eskuadroi bat kontratatu dezakete San Sebastian martxa jo dezan urtea irekitzeko, egongo da umore koxkeroarekin gauzari grazia ikusiko dionik.
Bukatu da katuari hirugarren belarria bilatzea, bukatu da dauden arazoak magnifikatzea eta ez daudenak asmatzea. Bukatu da eta (come on Julio Iglesias) badakizu.
Bi:
“Haien berri onak gure berri txarrak direlako” esaten zuen kantak eta askorentzat “haien kultur hiriburu txarrak gure kultur hiriburu ona” izan behar zuela diogu guk.
Ba, esan agur horri ere: 2011. urtean eta edozein errekor hausteko denboran “kapitalaren kultura!” itsusitzetik “zorionak Donostia, hau kristoren aukera da” esatera pasa zirenetako gehienak pixkanaka bueltatzen ari dira gaur, gosaltzeko ordurako, hasierako jarrerara.
Hori egin ahal izateko tokatzen den saihesbidea hartu dutelarik, aurkako direkzioan ikusiko dute duela lau urte Bilduri bozka eman ondoren Osaba Sabinen altzora itzuli direnen auto-ilara luzea. Definitiboki, M24a Eguberri atzeratuaren antzekoa izan da, “hator, hator, neska-mutil etxera”, “castañas se repartían” eta gauza horiek.
Arrazoiak ez dira faltako 2016ari punta ateratzeko, ez ziren falta lehen ere egia esan, baina hemendik aurrera asko klarifikatuko dira gauzak. Ez da momentu txarra izango bestelako kultur eredu bat proposatu behar zutenek, horixe, bestelako kultur eredua proposa dezaten.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

donostia 2016jose ignacio wertm24udal eta foru hauteskundeak
1 Iruzkin
    Dena konpondo da Donostia 2016n. Gorka Bereziartua. Argia | Donostia 2016 Europa kultur herria (e)k dio: Erantzun
    2015-05-27, 15:56

    […] Dena konpondu da Donostia 2016n. Gorka Bereziartua. Argia. […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Norte Apache euskal hip hoparen ondarea aldarrikatzen2015-05-15
Zerbait pintatzen dugu herri honetako iritzi publikoan2015-06-04
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA