“Kontakizun berria” eraiki nahi du Jose Manuel Durao Barrosok Europar Batasunarentzat eta, ze zortea aizue, Donostian hasi nahi du ipuina eskribitzen. 2016aren eskutik etorri da eta, kontatuko duena bezain inportantea iruditzen zaigu berari buruz konta daitekeena.
Izan ere, ez genuen ezagutzen Durao Barrosoren narratzaile gaitasuna. Beste diziplinetan izan da abilagoa. Antzerkian, adibidez. Nahiz eta Irakeko inbasioa bultzatu zuen Azoreetako argazkian agertu, Bush, Blair eta Aznar baino gorriagoa zela adierazi nahi izan zuen, diskretuki hori bai, bere gorbataren odola besteen urdin tonalitateetatik desberdinduz.
Publikoak ez zuen eszenifikazioa ulertu, inork ez zuen sinetsi bonba haiek petrolio truke jaurtitzen ez zirenik, baina ondo pagatutako teatreroek bezala, ikusleek jaurtitako tomateen aurrean poker aurpegiz eutsi zion, Tigris eta Eufrates artean gorpu festaren lan nagusiak bukatu bitartean –titularretan ez da hain nabarmen agertzen aspaldian, baina oraindik martxan dago Barroso-Blair-Bush-Aznarrek martxan jarri zuten herio-fabrika lurralde hartan–.
Ondo pagatu zioten estoizismoa agintzen dutenek –beste batzuk agintzen baitute–. Europar Batzordeko presidentzia hartu zuen, beste pelikula bat, zeinean hiltzaile masiboaren historialak ez zuen hain ondo pegatzen itxuraz; horregatik hasiko zen esaten 2007an berak ez zuela nahi Irakekoa, Aznarrek engainatu zuela, ai jakin izan balu, ze pena, ze penatxo handia.
Urteen eskarmentuarekin dator Barroso Easo Ederreko zitara: orain badaki hilketa handiak egiteko bonbak itsusi geratzen direla, hobe dela jendearen bizitza eskularru profilaktikoekin akabatzea. Iaz utzi zuen erakundeak agindu du –Europako Banku Zentralarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin batera– Europa hegoaldean bizi garenon austerizidioa. Biktima berriek ez daukate hatz markarik.
Hiri modernoen merkatuan kulturak edozer justifika dezakeela zioen Manuel Delgadok duela gutxi Donostian eskaini zuen hitzaldian. Orain askoz hobeto ulertzen dut zertaz ari zen.