Oso ekimen polita jarri zuen martxan iaz Donostiako Principe zine aretoak, enpresa berekoa den Truebak hasitako ostegunetako programazio bereziari nolabait segika: film klasikoak programatzea, astegun buruzurietako plan gisa.
Asteartean Nicolas Rayren Jonnhy Guitar westernaren txanda izan zen, orain arte ikusi gabe neukan filma eta, zenbait konturengatik arreta deitu dit.
Emakumeak dira far-westeko azkarrenak
Filmaren titulua gizonezko protagonistak hartu baldin badu ere, ez zuten alferrik jarri Joan Crawforden izena kartelean nabarmenduta. Bera da pelikulako izarra Viennaren rola jokatuz: saloon baten jabe, emakume indartsua, pistola gerrian darama eszena gehienetan. Antagonista nagusia ere beste emakume bat da, Emma Small, Mercedes MacCambridgek jokatzen duen pertsonaia. Nork esan zuen westernak matxoen kontua zirenik?
Utikan maitasun erromantikoa
Gero dago Viennak eta Johnny Guitarrek daukaten harreman berezi hori. Aspalditik dator, baina tartean gizonak kartzelatik pasa behar izan du eta emakumeak bizitzen jarraitu –prostituzioari esker lortu ditu saloon-a montatzeko sosak, iradokitzen denez–. Eta horren ondoren, ez dira ezer pasa ez balitz bezala elkartzen, ez da maitasun idealen istorioa, egunerokotasunak zikindutako amodio zail batena baizik.
“Esaidazu gezurra”, eszena puska hori
Ba ez, Viennak ez zion Johnnyri itxaron eta elkarrengandik bananduta egon diren urteetan beste gizon batzuekin harremanak izan ditu. Eta horrek Johnnyri ez dio graziarik egiten. Gezurra esateko eskatzen dio, itxaron egin diola, hil egingo zela bera gabe. Baina elkarrizketak beste bide bat hartzen du. Eta… Beno, ikus ezazue.
McCarthysmoari kritika eta beste azpitestu batzuk
Noiz errodatu zen kontuan izanda, ezin saihestu filma berrirakurtzea McCharthysmoaren kontrako obra gisa: justiziaren gainetik pasatzen ikusten ditugu etengabe herritarrak, Viennaren saloona frogarik gabe susmagarritzat jotzen dute, epaiketa justu bat zer den galdetuko bazenie algaraka hasiko lirateke: jende-saldoak “animalien modura” pentsatzera daramatzan logika sozialak agintzen du. Badago, bestalde, etengabeko tentsioa trenak ekarriko duen mundu berriaren eta gauzak ordura arte daudenean mantentzearen aldekoen artean. Irakurketa garaikide asko izan ditzake filmak, beste hainbat gauzatan urtean sumatzen zaizkion arren, zahartzaro ona izan du.
PS: Hurrengo zitak abuztuaren 4an eta 18an, irailaren 1ean eta 15ean. Proiektatuko dituzten filmak eta abar beheko kartelean. Bide batez, pena da denak gaztelania hutsezko azpitituluekin eskaintzea, asko eskertuko genuke hurrengo batean filmak euskaraz ikusi nahi ditugunoi ere aukera eskaintzea.
'Johnny Guitar' filmak dauzkan lau gauza interesgarri
Gorka Bereziartua
0