Musikatearen azkenaurreko programak kotxean harrapatu ninduen atzo, beste batzuetan afaria prestatzen harrapatu izan nauen bezala. 20:00etatik 21:00etarako tarte hori: Fermin Etxegoienek gidatu duen saioa egunaren bukaerako momentuekin lotuko dut, gaurkoa ere bota duzula, hurrengo egunean pentsatzen hasteko erabiltzen duzun denborarekin.
Iragarrita zegoena gaur beteko da: kontratu “mugagabe ez-finkoa” zeukan kazetari oñatiarrak. EITBtik kaleratzen ari diren beste hainbat profesionalei bezala, berari ere txanda iritsi zaio.
Eta hitz egin da langile horien eskubideez, baita kontratazio-irizpideez eta bestelako gai potoloez ere. Niri mikro-eskalatik hitz egitea ateratzen zait: zaratatik isolatzen zaituen auto barruko espazioaz, zartaginean frijitzen ari den janariaren zaparta entzun eta sukaldean barreiatzen den usainaz; eta horri guztiari lagundu dion hautaketa musikalaz.
Etxegoienek nirekin behintzat lortu izan du kartoia baino zapore gutxiago zuten egunetan ere zerbait ematea. Gutxienez entzun behar zenukeen talde berri bat. Sikiera behar bezala baloratu ez zenuen diskoren bat berrikusteko bultzada. Ildo editorial propioa. Ugaritasunean zorroztasuna.
Ez dakit zer eskainiko duen Euskadi Irratiak hurrengo denboraldian tarte horretan. Zaila iruditzen zait Musikatearen mailako programa musikal bat lortzea. Eta pentsatzen dut, horrek ere sartu behar lukeela kalkuluren batean, nor bai eta nor ez erabakitzeko erabiltzen den Excel taulan kabitzen ez den arren.
2 Iruzkin
Aurrerantzean, kartoia baino zapore gutxiago duten egun horietan, espezia gehiago bota behar afariari…
Aritukuluagaz baten ados, feeling bardinagaz nago erabat. Aitatzen dozuzan egun dontsu horreen falta izango dogu bai gero.
Euskal Herriak ganera, horrexelako gehiago behar dauz. Nazkatuta gagoz behinonezkero futbola, irrati-formula eta gainontzeko putasemekeriekaz. Batetik, Espainiako edozein hiritarren klonak garelako, eta bestetik dinozun ugaritasuneango zorroztasuna eta programaren sakontasuna ez direlako erraz beste lekuetan topatzen. Ostia.