Mr. Robot, benetako tiroketak eta spoilerrak

Gorka Bereziartua
4

Elliot Alderson, Mr. Robot telesaileko protagonista.
Elliot Alderson, Mr. Robot telesaileko protagonista.

Behin lortuko telesail batera engantxatzea eta errealitatea bidean gurutzatu behar. Uda honetan ekin diot Mr. Robot ikusteari eta lehenbiziko momentutik harrapatu nau.

Izango da istorioak gazteagotan asko tira zidaten bi film ekarri dizkidala gogora: Elliot Alderson informatikari antisozial eta jonkiaren ibilerek Matrixen oinarrizko planteamendua –sistemaren kontrako matxinada batean parte hartzeko hautatua izan zara– eta V for Vendettaren estetika –Anonymous estiloko bideo horiek eta abar– bere egiten dituela iruditu zait –Gaizka Izagirrek jada aipatuak dituen Kubrick-en tankerako bortizkeria eta musika klasiko konbinazioak edo Fight club bera ez errepikatzearren–.
Elliot, begiak Whatsappeko harridura-emotikonoa baino zabalago dituen hacker gaztea, segurtasun informatikoarekin lotutako enpresa batean ari da lanean. Arrain handiak babesten dituzte, E Corp enpresa erraldoia da euren bezero nagusia. Microsoft, Google eta Apple elkartuta ere barregarri geratuko lirateke megakorporazio gaizto horren aldean.
Ba, erraldoi horren kontrako eraso informatiko ikaragarri bat geldiaraztea lortu ondoren errekrutatuko dute Elliot matxinadarako. Helburua, beste eraso informatiko baten bitartez munduko zor guztiarekin akabatzea –hum, gidoilariren bat David Graeber irakurtzen aritu dela dirudi–. Entsalada horretan, pertsonen arteko harreman konplexuek, adikzioek, galdera etiko handiek eta iraganeko mamuek jarriko dituzte gatza eta ozpina.
Total, lehen denboraldiaren erdia ikusia nuen ostegun honetarako, beste gauza batzuekin ari nintzen eta hara non jotzen dudan titular batekin: “Virginiako tiroketa: Mr. Robot telesailaren denboraldiko azken kapitulua atzeratu dute, antzeko ‘eszena grafikoa’ dela-eta”.
Esan gabe doa logikoa iruditzen zaidala AEBetakoa bezalako gertakarien ondoren ikusleen sentsibilitatea kontuan hartzea. Ez zait gaizki iruditzen kapitulua atzeratu izana. Baina, batetik, telebista bera izan da Virginiako tiroketaren irudiak filtrorik gabe eskaini dituena –informatiboek morboa bilatzeko duten joera geroz eta handiagoaren albo-kalteak–; fikzioak hori baino gehiago minduko al du ikuslea?
Bestetik, albistea irakurrita, akabo azken kapituluak eduki zezakeen ezustekoetako bat. Albiste batzuek aurretituluan “spoiler” edo antzeko zerbait jarri beharko lukete, titularretik pasa ez gaitezen.
Eta portzierto, orain konturatzen naiz hau irakurri baldin baduzu zuk ere nahi zenukeena baino informazio gehiago daukazula jada telesailaren denboraldiko azken atalaz. Ups, barka.

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA