Satanen bila Minnesotan

Gorka Bereziartua
0

Minnesota, 1990. urtean. Bruce Kenner detektibea Angelaren kasua ikertzen ari da.
Minnesota, 1990. urtean. Bruce Kenner detektibea Angelaren kasua ikertzen ari da.

Alejandro Amenabarren Regression filmak ireki du Donostiako Zinemaldiko Sail Ofiziala, neska gazte batek bere aitaren partetik jasaten duen bortxaketatik abiatzen den polizia-ikerketa kontatzen duen istorioarekin. Ethan Hawkek jokatzen du rol nagusia: berak ikertuko du kasua eta bidean agertuko dira errito satanikoak eta ikerketarako erabiliko den terapia psikologiko erregresibo bitxia –ikertutako pertsonak hipnotizatuz gogoratzen ez dutena azalera ateratzen saiatzean datza–.

“Benetako gertakarietan” oinarritu omen den faktura eraginkorreko lan honek pixkanaka korapilatzen doan trama batekin lortu nahi du gure arreta –eta lortu ere, lortzen du parte batean–. Familia barruko jazarpen sexuala dirudiena kasu zailagoa bihurtuko da Emma Watsonen pertsonaiak bestelako errebelazioak egitearekin batera: bere aita eta familiako beste zenbait kide deabrua gurtzen duen talde bateko kideak dira eta bortxaketa errito satanikoaren menuan sartzen da –puntu honetaraino, Iker Jimenezen gustukoa da filma–.
Kasuarekin obsesionatuko da detektibea eta bizitzen hasiko den paranoian murgildu nahi izango gaitu zuzendariak. Tentsioa areagotzen joango da Hawke gizarajoa loa galtzen hastearekin batera, baina badirudi behin globoa puztuta, Amenabarrek ez duela asmatu zer egin. Ez da kolpe batez lehertzen ausartu, seguruenik bukaera efektista baten beldur; eta pixkanaka airea galtzen laga du, festa amaitu deneko gaztelu puzgarri bat utziz, forma zehazgabeko oroigarri bat.
Izan zitekeen komunitate txiki batean histeria kolektiboa sortzen duten mekanismoez diharduen film bat, antza denez zuzendariak puntu horretan jarri nahi izan baitu indarra. David Fincherren Gone girlek iaz lortu zuen gainontzean oso desberdina den trama konplexu bat helmuga horretara eramatea, baina hark asmatzen zuen lekuetan huts egin du Regression honek, ez baitu irakurketa horretan sakontzeko behar litzatekeena eskaintzen.
Susto pare bat baditu, hori bai. Eta erregistro honetan Amenabar erosoago mugitzen dela iruditzen zait Mar adentro bezalakoetan baino. Hortik aurrera, kasu hau artxibatzeko modukoa da.
SAIL OFIZIALA (lehiaketatik kanpo)

Regression
Zuzendaria: Alejandro Amenábar
Aktoreak: Ethan Hawke, Emma Watson, David Thewlis, Lothaire Bluteau, Dale Dickey, David Dencik Peter MacNeill, Devon Bostick, Aaron Ashmore
Espainia-Kanada
106 minutu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA