Uzta onena, neurrian biltzen dena

Gorka Bereziartua
0

Terence Davies Eskozian girotutako istorio batekin itzuli da Donostiara
Terence Davies Eskozian girotutako istorio batekin itzuli da Donostiara

Film sendoarekin itzuli da Donostiara Terence Davies. XX. mende hasierako Eskozian girotutako istorioak harrera ona izan du larunbat goizeko pasean.

“Emozionala”, “tempoa gustatu zait” eta oroitzen ez dudan beste esaldiren bat zezelkatu diot filmaren amaieran prentsaren inpresioa jasotzen ari zen langile bati (hauteskundeetako “israelitak” Zinemaldian? Bai, #gertatzenarida).
Ba hori, filma kontatzeko erabiltzen den erritmo barea iruditu zait indarguneetako bat, Eskoziako paisaiak kontakizunean modu ikusgarrian txertatzeko abileziarekin batera. Denboraren iragateari buruzko lana da, bizimodu arrunta eta historiak derrigorrez inposatzen dituen aldaketak uztartzen asmatzen duena: aita autoritarioegia duen familia bateko alabak helduaroan sartzean hartzen dituen erabakiek osatzen dute pelikularen muina.
Autonomia pertsonala lortzeko prozesua kontatzen zaigu, gehiegikeriarik gabe, sentimentalkeriatan erori gabe. Neurritasuna da pelikularen bertuteetako bat, baita pertsonaia gorrotagarrienak (Peter Mullanek jokatzen duen aitak) protagonismoa daukan zatian ere.
Zalantza batzuk eragin dizkidan off ahotseko narratzailea salbu, konbentzitu nau eta emaitzak ikuslea hunkitzea lortuko duela uste dut; duela lau urte Daviesek Donostiara ekarri zuen The deep blue sea baino beroagoa da Sunset song, filmak termometroarekin baloratzea zilegi baldin bazaigu.
SAIL OFIZIALA
Sunset Song
Zuzendaria: Terence Davies
Aktoreak: Agyness Deyn, Peter Mullan, Kevin Guthrie
Erresuma Batua-Luxemburgo
135 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA