Boligrafo Gorria
Zinemaldia 2015
by Gorka Bereziartua
  • Zinemaldia 2015

Islandiatik, maitasunik gabe

Gorka Bereziartua
2015-09-20
1

16 urteko mutil baten iniziazio-kontakizuna da Rúnar Rúnarssonen filma
16 urteko mutil baten iniziazio-kontakizuna da Rúnar Rúnarssonen filma

Film txikia da Rúnar Rúnarsson zuzendari islandiarraren Sparrows, dibortziatutako gurasoen seme baten istorioa kontatzen duena. Tematika unibertsala beraz, Islandia iparraldeko paisaian garatzen dena.

Ari gazteak ez darama ongi bere ama bikotekide berriarekin Ugandara joan izana, berak Reykjavik utzi beharko baitu erabaki horrengatik, sei urtean berarekin harreman handirik izan ez duen aitarengana itzultzeko irlako herri txiki batera. Egoerak berez sortzen dituen komunikazio arazoei aitaren alkoholismoa gehituz gero, egoera ez da preseski etxafuegoak botatzen hasteko modukoa.
Testuinguru dramatiko horri tonu intimista eman dio zuzendariak; baita, dena esaten hasita, pixka bat hotza ere. Helduleku emozionalak bilatzeko premiari buruz dihardu filmak eta horiek aurkitzeko ezintasunaz. Puntu interesgarrienetako bat dena agian, protagonistak babesa emango dion norbait bilatzeko bidean, auzitan jartzen zaigu gure gizarteetan nagusi den maskulinitate eredua, bai aita-semeen arteko ezin ulertuen bitartez, baita erakusten zaizkigun lagun eta bikote harremanen bidez ere.
Egia da zerbait falta duela: konkrezio apur bat eta pertsonaiek norabideren batean eboluzionatzea. Horren faltan, nerabezaroko drama familiar errealista bat daukagu, seguruenik ikusi izan ditugun beste asko bezalakoa, baina ez horregatik guztiz baztertzekoa, beharrezko sentiberatasunarekin kontatuta baitago gutxienez.
SAIL OFIZIALA
Sparrows
Zuzendaria: Rúnar Rúnarsson
Aktoreak: Atli Óskar Fjalarsson, Ingvar E. Sigurðsson, Kristbjörg Kjeld, Rade Šerbedžija
Islandia-Danimarka-Kroazia
99 minutu

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

runar runarssonsparrows
1 Iruzkin
    Islandiako lezioa | Boligrafo gorria (e)k dio: Erantzun
    2015-09-27, 13:25

    […] Sparrows film intimista irabazle beraz. Itxuraz oso istorio lokala; tematikari begiratuz gero, guztiz unibertsala: banandutako gurasoak, alkoholismoa, helduleku emozionalen falta, belaunaldi-talka, heldu izaten hastea, maskulinitatea ulertzeko moduak… Ekoizpen txikia dela seinalatu dute eta egia da. Baina beste jolas dibertigarrietan ez bezala, zeluloidearekin zerikusia duen honetan tamainak ez du hainbeste inporta. Bost axola 320.000 hiztunek bakarrik darabilten hizkuntza batean errodatu izana ere, Islandia konplexurik gabe ateratzen da mundura bere musikari, idazle, zinemagile eta artistekin. “Komunikatzeko ateak zabalik eduki ditugu eta istorioak gure irlara etorri diren era berean, oso seguru sentitu gara gure istorioak kanpora eramatean”, azaldu zigun Zinemaldiaren atarian Sjón idazleak, berak idatzitako Argoren ezpala nobelaren euskarazko itzulpenaz hizketan ari ginela. […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Garrantzirik gabeko larru-jotzea2015-09-20
Aldatzeaz eta irauteaz2015-09-21
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA