Boligrafo Gorria
Zinemaldia 2015
by Gorka Bereziartua
  • Zinemaldia 2015

ETAri buruzko film penagarrien antologian agertuko da

Gorka Bereziartua
2015-09-24
1

Emanaldi berezien artean eskaini dute Imanol Uriberen filma
Emanaldi berezien artean eskaini dute Imanol Uriberen filma

Imanol Uribek ez du Urrezko Maskorra irabaziko aurtengo Zinemaldian. Hori bagenekien, Sail Ofizialean ikusi dugun Lejos del mar lehiaketatik kanpo dagoelako. Baina beste lehiaketa batean, ETAri buruz egin diren desastre zinematografikoen txapelketa ez-ofizialean, ohorezko lekua merezi du La casa de mi padre (Gorka Merchan, 2009) edo El Lobo (Miguel Courtois, 2004) bezalakoen ondoan.

Espetxetik irten ondoren Almeriara joango da Santiago (Eduard Fernandez), kartzelakide ohi bat bisitatzera. Han dagoela, Marina (Elena Anaya) ezagutuko du, 27 urte lehenago hil zuen militar baten alaba.
Irakurlea dagoeneko jabetuko zen planteamendu horretatik abiatzen den film batek zein material delikatua daukan esku artean. Ba, badirudi zuzendaria ezetz. Bestela ez da ulertzen zergatik eraman dituen lan honetako protagonista gaixoak pelikulak hartzen duen norabide ezinezko eta azken buruan barregarritik.
Barregarria, bai, asteazken arratsaldeko emanaldian auzolotsaren eraginez butakan kuzkurtuta ez zegoen ikusleak tripak bota baititu ustez filmaren klimax dramatikoa osatu behar zuten zenbait eszenatan –nork esan zuen ezin zela euskal gatazkarekin umorezko filmerik egin? Posible da, noski baietz, baldin eta komedia nahi gabe ateratzen bazaizu–. Horiek egoerak, horiek antzezpenak,  horiek dialogoak: ez gaude noraezean hasten den film arrunt baten aurrean, honek labela dauka, eszena batean egiten den Idiazabalgo gaztaren publizitate subliminalak gogorarazten digunez.
ETAko kideen eta haien biktimen arteko berradiskidetzeari buruzko karikatura penagarrian, Anayak jokatzen duen pertsonaiaren eboluzioa da parterik zentzugabe eta narratiboki justifikaezinena. Ez bakarra, izan ere, filmaren hasieran txukun antzean aritu den Fernandezek ere parranda honetan bere erronda zerbitzatu nahi izan du amaiera aldeko afarian lagunak etxetik botatzean –Antonio Resines Los Serrano telesailean? Ba hortxe-hortxe–.
Gidoilariek –Uribez gain Daniel Cebrianek konfesatu du Lejos del mar honen testua idatzi izana– egoera jakin bat sortzeko zeukaten kapritxoa dirudi, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik pelikula bihurtu dena, eragin zitzakeen biktimak batere kontuan hartu gabe.
SAIL OFIZIALA (lehiaketatik kanpo)

Lejos del mar
Zuzendaria: Imanol Uribe
Aktoreak: Elena Anaya, Eduard Fernández, José Luis García Pérez, Ignacio Mateos, Juan Motilla, Teresa Arbolí, Olivia Delcán, Martxelo Rubio, Adrián Hernández, Camino Texeira, Verónika Moral, Susi Sánchez, Maica Barroso, Manuel Tallafé, Eva Almaya
Espainia
105 minutu

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

imanol uribelejos del mar
1 Iruzkin
    Zinemaldia 2015: kronika azkar bat | Ikusi makusi… zer ikusi? (e)k dio: Erantzun
    2015-09-26, 13:28

    […] paisaia ikusgarriekin. Baina guztien artetik, umorezko film inboluntario bat, Imanol Uriberen Lejos del mar. Urteko gidoi absurdo eta barregarrienaa medio, ETAri buruzko film penagarrien antologian agertuko […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Lesbianen eskubideen aldeko alegatu light bat2015-09-24
Misio humanitarioan erabat galduta2015-09-24
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA