Lesbianen eskubideen aldeko alegatu light bat

Gorka Bereziartua
0

Juliane Moore eta Ellen Page dira filmeko protagonistak
Juliane Moore eta Ellen Page dira filmeko protagonistak

Pilotu automatikoarekin zuzendutako film konbentzionala besterik ez da Peter Solletten Freeheld, lantzen duen tematikak bakarrik salba dezake –baldin eta Philadelphia (Jonathan Demme, 1993) ikusia ez baldin badaukazu, noski; hala bada, hura askoz sakonagoa da–.

New Jerseyn (AEB) lesbianen eskubide berdintasunaren alde borrokatu zuen bikote baten benetako historian oinarritzen da eta Julianne Moore-Ellen Page bikote protagonistaren lan eraginkorrak eramaten du aurrera. Lehenengoa poliziaren rolean, bigarrena mekanikari isil eta barnerakoiarenean, xede jakin bat betetzeko daude pantaila honetan: ikuslea beraiekin eroso sentitu eta filmak defendatzen duen tesiaren alde egitea.
Sexu bereko bikoteen eskubideen aldeko alegatu mainstream gisa produktu eraginkorra izango da, hortaz; eta zenbait jenderi agian lagunduko dio ulertzen oraindik zenbat dagoen egiteko alor honetan benetako berdintasuna lortzeko.
Baina hemen zinemaz hitz egiteko gaudenez, esango dugu pelikulako gatazka planteatzen den momentutik jakingo duela ikusleak nola amaituko den kontua. Sorpresak, pertsonaia konplexuak eta errealizazio aldetik ahalegin estetikoren bat bilatzen baldin baduzu, hau ez da zure filma.
Erraz ikusten da, besterik ez. Errazegi akaso, film honen ikusle heterosexual onpentsalaria eserlekutik pixka bat mugiarazi dezakeen edozer azken emaitzatik kanpo geratu dela ematen baitu. Publiko handiak kontsumitzeko harrotasunak pixka bat light izan behar baitu, kontua ez baita inor eskandalizatzea.
SAIL OFIZIALA
Freeheld
Zuzendaria: Peter Sollett
Aktoreak: Julianne Moore; Ellen Page; Steve Carrell; Michael Shannon
AEB
103 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA