Misio humanitarioan erabat galduta

Gorka Bereziartua
0

Joaquim Lafossek Txaden ari diren GKEak bihurtu ditu filmeko protagonista
Joaquim Lafossek Txaden ari diren GKEak bihurtu ditu filmeko protagonista

Laguntza humanitarioan dihardutenen ertzak bilatu nahi izan ditu Joaquim Lafossek Les chevaliers blancs filmarekin, baina emaitza laua eta irregularra atera zaio.

Txaden modu ez oso legalean lanean ari den GKE frantziar bateko kideak erretratatzen ditu benetako gertakarietan oinarritutako istorio honek. 300 umezurtz eraman nahi dituzte Europara, baina hori lortzeko zailtasun handiekin egingo dute topo.
Gai konplexua iruditu izan zait beti mota honetako erakundeena. Ez nator guztiz bat haien lana mespretxatzen duten ezkertiarren jarrerarekin, nahiz eta esparru horretatik egiten zaien kritika nagusia –sistemaren erroetatik datorren injustizia batek eragindako zaurietan merkromina jartzeaz arduratzen direla, gutxi gorabehera, sakoneko arazoari aurre egin gabe– ez dabilen oker, analisi orokorraz ari bagara.
Baina zerbait egin beharko da sistema aldatzen ez den bitartean, ezta? Ba ideia horrekin dabiltza gatazka gordinaren erdian dagoen herrialdean film honetako protagonistak. Eta badirudi erakutsi nahi zaigula gauzarik txikiena lortzeko ere, bertako kodeen ezezagutza –hizkuntzarena nagusiki, baina ez bakarrik– zein oztopo handia den. Kooperanteek, ezinduta, eskura daukaten diruarekin bakarrik lor dezakete euren plangintzan aurrera egitea. Trantze horretan, pertsonaia batzuen etsipena eta besteen jarrera zinikoa islatzen saiatzen da lan hau, helburua lortu gabe.
Korapiloa zein den esplikatzeko behar duen lehen ordu luzearen ostean, filma bukle batean sartzen da, behin esplikatu duena bitan, hirutan, lautan pantailaratuz, jokaldia angelu diferentetatik ikus dezagun-edo. Pertsonaia lau eta inpostatuak –egoera estua dela, bale, baina elkarrizketa guztiak builaka izan behar al dira?– eta behar bezala ixten ez diren istorio-hariak –protagonismo dezente hartu ondoren di-da bentilatzen den kazetariarena, kasu–: pelikula hau ikusten ez baduzu ere, ez duzu gauza handirik galduko.
SAIL OFIZIALA
Les Chevaliers Blancs
Zuzendaria: Joaquim Lafosse
Aktoreak: Vincent Lindon, Louise Bourgoin, Valérie Donzelli, Reda Kateb
Belgika-Frantzia
112 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA