400 urteren ondoren euskaldunak hiltzea legez kanpokotzat jo zuten Islandian aurtengo apirilean. Ez da brometako kontua, 1615ean baleazale gipuzkoarrak garbitzeko emandako patenteak indarrean jarraitzen zuen lurrun-makina, produkzio-harreman kapitalistak eta Guggenheim museoa asmatzen zituzten bitartean –eskerrak tarte horretan bistan izan dugun fiordo bakarra Jabier Muguruzaren 1999ko diskokoa izan dela–. Total, orain islandiarrek ez gaituztela jo eta akabatu nahi eta borondate oneko keinu horri erantzunez edo, aurtengo Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irla horretara joango dela.
Rúnar Rúnarsson zuzendariak harridura aurpegiarekin altxa zuen molusko preziatua larunbateko ekitaldian –jaso ere egin behar izan zuen gala amaitu ondorengo prentsaurrekoan, ups, lurrera erori zitzaiolako–.
Sparrows film intimista irabazle beraz. Itxuraz oso istorio lokala; tematikari begiratuz gero, guztiz unibertsala: banandutako gurasoak, alkoholismoa, helduleku emozionalen falta, belaunaldi-talka, heldu izaten hastea, maskulinitatea ulertzeko moduak… Ekoizpen txikia dela seinalatu dute eta egia da. Baina beste jolas dibertigarrietan ez bezala, zeluloidearekin zerikusia duen honetan tamainak ez du hainbeste inporta. Bost axola 320.000 hiztunek bakarrik darabilten hizkuntza batean errodatu izana ere, Islandia konplexurik gabe ateratzen da mundura bere musikari, idazle, zinemagile eta artistekin. “Komunikatzeko ateak zabalik eduki ditugu eta istorioak gure irlara etorri diren era berean, oso seguru sentitu gara gure istorioak kanpora eramatean”, azaldu zigun Zinemaldiaren atarian Sjón idazleak, berak idatzitako Argoren ezpala nobelaren euskarazko itzulpenaz hizketan ari ginela.
Kataluniaren inbidiaz pasatzen dugun denboraren erdia iparrera begiratzeko prismatikoak lortzen inbertituko bagenu, agian kulturalki herri aberatsagoa ginateke. Saiatzeagatik ez gaituzte hilko behintzat. Hiltzen bagaituzte ere, legez kanpokoa da orain eta, gaitzerdi.
Maskortuta
Diskisizio historiko-politiko-kultural honen zergatiaz galdetuko duzue artikuluaren puntu honetaraino agoantatu duzuenok, ustez hemen Zinemaldiko palmaresa komentatzeko baikeunden. Kontua da, gainontzeko sari batzuk aurreikusteko modukoak iruditu zaizkigula, batez ere Truman filmaren ia pisu guztiari eutsi dioten protagonistek ex aequo jaso duten Zilarrezko Maskorra –Ricardo Darin eta Javier Camara–. Baita El rey de La Habanako Yordanka Ariosarena ere, gainantzezpena gorabehera, festibaleko gezurmendietan saria jaso zezaketen aktoreen kinieletan agertzen baitzen.
Erabaki eztabaidagarriagoak ere hartu ditu Paprika Steen buru izan duen epaimahaiak. Ez dut uste Les chevaliers blancs gidatu duen Joachim Lafosse izan denik Sail Ofizialeko zuzendaririk onena –klasikorro jarriko naiz eta Terence Daviesek atal honetan errekonozimenduren bat merezi zuela esango dut–. Ez dut uste, halaber, 21 nuits avec Pattiek gidoi onenaren saria merezi zuenik. Eta Evolutionek lortu duen argazki onenaren saria berdin izan zitekeen Asier Altunaren Amamarentzat –euskal film onenaren Irizar sariarekin konformatu behar izan du– edo lehiatu diren beste lauzpabost lanentzat, aurtengo filmetan argazkia erdipurdiko tonuaren gainetik egon baita.
Sariak gorabehera, aretoetan hain erraz ikusi ezin diren filmekin gozatzeko –eta sufritzeko– parada da Zinemaldia. Astebetez pelikulak erdigunean jartzen dituen eztabaida kolektiboa. Eta horren balio kulturala ez da gutxiesteko modukoa.