Boligrafo Gorria
Zinema - ikus-entzunezkoak
by Gorka Bereziartua
  • Zinema - ikus-entzunezkoak

Jai Alai Blues: Xisteraren ezusteko mundutasuna

Gorka Bereziartua
2015-10-29
1

jaialai
AEBetan eta munduko beste hainbat lekutan ibilitako euskal pilotarien historia harrigarriak jasotzen ditu filmak.

Ostegunean aurre-estreinatu dute Bilboko Alondegian Gorka Bilbaok zuzendu duen Jai-alai blues, aurretik Donostiako Zinemaldian osteratxoa egina zuen dokumentala. Aparteko faktura daukan lana da, Euskal Herriko kirol internazionalenaren historiari errepasoa egiten diona azken mendean utzi dituen historia bitxi, ezezagun eta harrigarrien bitartez.

“Frontoiko kontakizun bat” azpititulua duen filmaren lehen zatiak txunditu gaitu gehien. Bidaia gisa planteatzen da, Euskal Herrian hasi eta Egipto, Txina, Filipinak, Kuba eta Mexiko bisitatuz besteak beste, Miamira (AEB) iristeraino.
Jokalari ohi bat da lehen parte horretan narratzaile: Juan Ignacio Zulaikak espontaneotasun gehixeago eskertuko lukeen esplikatzeko moduarekin –testuari lotuegi ez ote dagoen– darama kontakizuna. Zer kontatua badu, hori bai: Jai Alairen historiaren kale-izkina bakoitzak dauka harribitxi bat, star gisa bizi ziren Manilako pilotarietatik hasi eta Guillermo Amutxastegi Ondarroako jokalariraino, zeina erosotasun berdinarekin promenatzen zen New Yorkeko gangsterrekin eta Ernest Hemingway, John Wayne eta Esther Williamsen konpainian.
Filmeko ekipoa Mexiko DFn, protagonistetako baten elkarrizketa errodatzen.
Filmeko ekipoa Mexiko DFn, protagonistetako baten elkarrizketa errodatzen.

Bai, bagenekien zesta punta zerbait izan zela AEBetan, baina kontu hauetako asko sekula entzun gabeak ginen. Ez genekien aparra noraino iritsi zen urte onenetan, eta horrek are harrigarriago egiten du kirolariok zein arrasto txikia utzi duten gure imaginario kolektiboan.
Alde horretatik, Malik Bendjelloulen Searching for Sugar Man gogora ekarri dit: pasioak pizten dituen fenomeno bat –kasu hartan musikala– desagertzen da eta badirudi inork ez duela galderarik egiten, urte askoren ondoren bilketa egiten hasi arte. Erraz sortuko zaio ikusleari galdera: nolatan ez zen hau lehenago film batean kontatu?
Gustuz filmatua –nabarmentzekoa Zigor Etxebarriaren lana argazki zuzendari gisa–, badirudi filmak itxura garaikidea eman nahi diola askok euskal tradizionalarekin lotzen duten kirolari. Xisteraren jokoa mundu modernoko klabeetan aurkezten zaigu, idealizaziorik gabe –hortik tituluko “blues” hori, gaur egungo egoera ez baita klakea dantzatzeko modukoa–.
Filmaren bigarren partean AEBetan kirolak izan zuen garapena da ardatza eta punch pixka bat galtzen duela iruditzen zait –nahiz eta kapitulu batzuk, 1980ko hamarkada bukaerako greba berbarako, interesgarriak diren kirola eta negozio-ereduaren arteko harremanak sortzen dituen tentsioak ulertzeko–. Nolanahi, zinemako txarteldegian apustu irabazlea izango da.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

gernikagorka bilbaojai alai blueszesta punta
1 Iruzkin
    Xabier (e)k dio: Erantzun
    2015-10-29, 21:10

    Zumaian beste emanaldi bat: urriak 30, 19:00etan, Aita Mari zineman.
    http://baleike.eus/zumaia/1446107432089

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Presa dutenek ere ikus dezaketen teatroa2015-10-26
Roland Barthes, ziklistak eta gure mito garaikideen zaharberritzea2015-11-13
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA