Gauza onak besterik ez genituen entzun berari buruz, hori esan genuen duela aste pare bat Iban Urizar Amoranteri buruz. Baina bera ez genuen entzun zuzenean ordura arte. Eta a zer nolako espektakulua galtzen ari ginena: Niño de Elche entzutera joan zirenetako asko kokotsa zintzilik utzi zituen –beste batzuk bitartean antolatu zuten mintzodromoaz nahiago dut ez akordatu–.
Hamabost egun geroago Amoranteren aipamenak izango dira berriro Donostian, ostegun honetan Garoa Kultur Laben bost kantaz osaturiko grabazioa aurkeztuko baitu. “Soinu postalak” dira egilearen esanetan eta postalek irudia, papera eta sobrea behar dutenez, beste lau artistaren laguntza izan du –Alaitz Alberdi, Joseba Agirrezabalaga, Rafa Rodrigo eta Josune Galartza–.
Baina goazen musikara, hori baita gehien interesatzen zaiguna: zuzenean entzun ahal izan genituen piezak dira, soinu nahiko bereziarekin grabatuak. Izan ere, film bat errodatzen duenak bezala, hainbat lokalizazio hautatu ditu Urizarrek grabazio hauetarako eta emaitzan nabaritzen da. Elgoibarko makina-erremintaren museoa, herri bereko musika-bandaren lokaleko aldagelak eta musika eskolako perkusio gela, San Bartolome eliza, Mursegoren “kobazuloa”, lur azpiko parking bat Donostian… Berako Mik estudioa da grabazio-leku konbentzionalena.
Diskoa jarri eta segituan sumatzen da. Oroimenaren fruituk, adibidez, oihartzun asko dauka, geruzaka entzuten ditugu kantuaren zatiak; emaitzak badu halako kutsu oniriko bat.
Urizarrek baliabideen ekonomian funtsatu du bere lana, oinarri soil bezain eraginkorretik abiatuta batzuetan intimista eta bestetan flamenko agertzeko –eta biak batera ere bai, zer arraio–. Dogma, bost kantetatik nire gogokoena, berehala sartzen da ezkerreko organo punpalarira gitarra arpegio argi batekin, sokazko instrumentuen kutsu solemnearekin; abestiaren egitura errepikariak otoitz laiko baten tankera ematen dio, à la Leonard Cohen Who by firen (diferentziak diferentzia).
Badira pieza alaiagoak, ijitotasun euskaldunaren aldarrikapentzat har dezakegun Oiloarena kasu –xilofono moldaketa hori, oh bai–, kurioski Bizenta Mogelen letra bat kantu bihurtzen duena, Uxue Alberdik moldatutako testutik abiatuta.
Dorre baten gordetakoak sehaska-kanta anbientalak eta duela bi ostegun, harmonium eta guzti kontzertua ixteko baliatu zuen Otoi (mi padre) kantak osatzen dute bostekoa. Oharkabean pasa behar ez lukeen lana da.
1 Iruzkin
Oso lan interesgarria. Espero dut lan gehio ateratzea. Gogoakin utzi nau!