The Avalanches bueltan dira, momentuz zuzenean

Gorka Bereziartua
0

16 urte pasa dira The Avalanchesen lehen diskotik. Iragarri dituzten kontzertuen ondotik material berria publikatuko ote dute?
16 urte pasa dira The Avalanchesen lehen diskotik. Iragarri dituzten kontzertuen ondotik material berria publikatuko ote dute?

Notizia duela bi egunetik dabil alde guztietan: The Avalanches elektronika taldea zuzenean entzuteko lau aukera izango dira uda honetan, horietako bi Bartzelonan, Primavera Sound ahalguztidunaren baitan, ekainaren 3an eta 5ean.

Beste bi zitak urrunxeago dira, baina inguruotan ere ez dira gutxi kanpora lan bila joandakoak, eta akaso: Londresko Field Day ekainaren 12an edo Byron Bayko (Australia) Splendour in the Grass festibala uztail amaieran.
Kontzertu hauek anuntziatzea beste zerbaiten aurrekaria izan daitekeela pentsatu du batek baino gehiagok. Adibidez, itxuraz 2005etik lantzen ari diren disko berria gertu egon daitekeela.
Aurrekoa, lehenbizikoa, 2000. urtean publikatu zuten Since I Left You, kultuzko lan bihurtu da, besteak beste taldeak beste musikarien zatiak sampleatzen erakutsi zuen abileziarengatik. 3.500 puska inguru hartu omen zituzten han eta hemen eskuratutako binilozko diskoetatik; eta egile-eskubideen kontuarekin ordurako gauzak nola zeuden gogoratzen badugu, ia mirakulutzat jo daiteke publikatu izana.
Baina zifra horien gainetik diskoaren freskotasuna da azpimarratzekoa. 16 urte geroago ere tiro bat bezala sartzen da Since I Left You –ondorio gustagarriagoekin, bistan denez–, eta harrigarriak izaten jarraitzen dute egin zituzten nahasketek. “Ez da oso ohikoa zaldi baten sample bat entzutea, abeslari rastafari bat eta Club Medeko diskoteka baterako gonbidapena, dena kantu berean; baina nolabait, zentzua dauka The Avalanchesen zuzendaritzapean”, idatzi zuen Matt Le May kritikariak diskoa argitaratu zen garaian Pitchforken.
Ez-dakit-zenbat urteren ondoren kontzertuak iragarri izanak aukera paregabea eskaintzen digu aparteko lan horri hautsa kentzeko. Bide batez, historia-aurrean ordenagailu bidez musika nola nahasten zen ikusi nahi duenak, ez dezala galdu australiar hauei buruzko beheko erreportajea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA