Arnaud des Pallières zuzendariak drama sozial bat ekarri du Donostiara. Orphelinek beti ihesean bizi den emakume bat du protagonista eta istorioaren linealtasuna apurtzea du ezaugarri nagusi.
Ezusteko batekin hasten da dena: Renée irakaslea da eskola batean eta haur bat edukitzeko tratamendua hartzen ari da. Dena aldatuko da kartzelatik atera berri den emakume bat bisitan etorri eta aspaldi lapurtutako diru kopuru bat eskatzen hasiko zaionean. Gero, polizia etorriko zaio bila, bikotearekin batera bizi den etxera. Hortik aurrera, benetan Renée izena ez duen emakumearen bizitzan atzera egingo dugu zenbait flashbacken bidez, familia desegituratu bat, nerabezaroan gizon helduekin izandako harremanak eta bizi nahi ez zenituzkeen beste zenbait egoera erakutsiz.
Filmak kontatzeko modu hori du berezia, lehenbizi kronologikoki azkenak liratekeen gertakariak pantailaratuz eta atzeraka protagonistaren haurtzaroraino joaz. Pertsonaiaren momentu bakoitza aktore desberdin batek jokatu du eta azpimarratzekoa iruditu zait Adèle Exarchopoulosen lana.
Egituratik harago ordea, hustasun sentsazioa uzten dio ikusleari eta egiantzekotasun arazoak ere badituela esango nuke: denak dirudi desastrera bideratuegia eta horretarako balio ez duten pertsonaiak (Sergi Lopezek film honetan jokatzen duenak bezala) agertu bezain azkar desagertzen dira.
Ariketa interesgarria nolanahi, filma borobila izatetik urrun dagoen arren.
SAIL OFIZIALA
Orpheline
Zuzendaria: Arnaud des Pallières
Aktoreak: Adèle Haenel, Adèle Exarchopoulos, Solène Rigot, Gemma Arterton
Frantzia
111 minutu