Espaniako listoena

Gorka Bereziartua
0

Iruzurra iruzurraren gainean: hori da 'El hombre de las mil caras'en aurkituko duguna.
Iruzurra iruzurraren gainean: hori da ‘El hombre de las mil caras’en aurkituko duguna.

El hombre de las mil caras filmarekin Espainiako azken hamarkadetako historia zikinenetako batean (eta hori asko esatea da) murgildu da Alberto Rodriguez zuzendaria: Francisco Paesa espioiak Luis Roldan Guardia Zibileko zuzendari nagusiaren ihesaldian eta haren atxiloketan jokatu zuen papera erakusten du.

Thriller eraginkorra da Rodriguezena, hasieran kartoi-harrizko eszenaren bat daukan arren, eta istorioa kokatzeko azalpen gehiegi eman behar izan dituen arren. Tentsio puntu egokiarekin eramanak daude gertakariak, tramaren konplexutasuna filma banatzen duten kapituluekin eramangarriagoa gertatzen da eta estetika indartsua du –nabari da Alex Catalán argazki zuzendariaren (La isla mínima) eskua–.
Distantziak gorabehera, Paolo Sorrentinok Il Divon egin zuenaren antzeko zerbait ikusten dugu filmean: italiarrak lan hartan estatu-arrazoiaren krudeltasunari giza aurpegia jarri bazion, Rodriguezek ustelkeriaren arruntasuna erretratatu du hemen, ondo eraikitako pertsonaia sorta batekin herrialde dekadente bati buruzko, eta bertan agintzen duen “listoenaren kultura”-ren inguruko begirada eskainiz. Denen artean Eduard Fernándezek Paesari eman dizkion ñabardurak nabarmentzen dira, baina gogaikarri samarra izaten den José Coronadok ere txukun bete du lehen eskuko lekuko gisa pelikulak ematen dion istorio-kontalari zeregina.
Gehiago garatzea mereziko luke filmak nahiko azkar pasatzen duen, eta Euskal Herrian interes handiagoa piztuko lukeen Paesaren biografiako parte bat: ETAren aurkako Sokoa operazioan edo GALen izan izan zuen parte-hartzea. Espainiako Trantsizioaren Kulturak utzi duen pertsonaia ilunen zerrendan podiumetik gertu dagoen pertsonaia horietakoa da –X Jaunaren edo Galindoren baimenarekin noski–; eta film honen bi orduak pasata, sentsazioa da zapata zolan oraindik kaka asko geratu dela garbitzeke.
Behintzat Espainian ari dira ia 40 urtez tabu izan diren gaiak –beren modura, noski– pantailaratzen. Ongi etorriak izango dira, hau bezala eginda badaude.
SAIL OFIZIALA
El hombre de las mil caras
Zuzendaria: Alberto Rodriguez

Aktoreak:  Eduard Fernández José Coronado, Marta Etura, Carlos Santos, Enric Benavent, Alba Galocha, Philippe Rebbot, Pedro Casablanc, Israel Elejalde, Emilio Gutiérrez-Caba
Espainia
123 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA