Parisen hainbat lehergailu jarri ostean erdiguneko merkatalgune batean elkartzen diren gazteak ditu protagonista Nocturamak. Protagonisten ekintzak epaitu ordez, erakustera mugatzen da eta hori da filmaren aspekturik probokatzaileena.
Bi zatitan banatu du Bertrand Bonellok pelikula: lehenbizikoan, apenas elkarrizketarik gabe, atentatua nola egiten duten erakusten zaigu, haren aurrekari batzuk tartekatuz. Bigarren zatia da interesgarriena ordea: ministerio bat eta Parisko auzo finantzarioa bonbaz erasotzeko gai izan den taldea gauez hutsa dagoen merkatalgunean elkartzen denean, euren portaera ez da oso diferentea adin horretako edozein gaztek egoera horretan edukiko lukeenaren aldean. Arropak, musika ekipoak eta beste hainbat kontsumo produkturekin jolasean hasten dira; larrialdian jarri duten sistemaren balio-eskala erreproduzitzera mugatzen dira, gehiegikerian erortzeraino.
Apur bat luzea gertatzen den bigarren parte horrek sakoneko mezu interesgarria dauka: sistema kapitalistaren zutabeak erasotzeko prest dauden pertsonak ez direla sistematik kanpo bizi diren pertsonak, juxtu kontrakoa baizik, sistema horren emaitza dira.
Gauaren momentu batean protagonistetako bat merkatalgunetik irten eta kalean ibiliko da neska batekin topo egin arte: Paris poliziaz josia dago, salbuespen egoeran, baina kalean aurkitzen duen gazteari ekintzei buruzko iritzia eskatuta, “noizbait gertatu behar zuen” esatera mugatzen da, justifikazio jakinik gabeko indarkeria hiper-kontsumo gizartearen ondorio logikoa balitz bezala.
Ez gaude, nolanahi, matxinada saihestezinaren apologia egiten duen film baten aurrean: atentatuaren ondorengo espektakulu mediatikoa ere erakutsi du Bonellok, baita poliziaren jarduteko modu gupidagabea ere. Gaur egungo gizarte europarrari egindako argazki ezkorra da, irtenbide positiborik eskaintzeko gai ez denez, biolentzia besterik ekoizteko gai ez den gizarte bat.
SAIL OFIZIALA
Nocturama
Zuzendaria: Bertrand Bonello
Aktoreak: Finnegan Oldfield, Vincent Rottiers, Hamza Meziani, Manal Issa, Martin Guyot, Jamil McCraven, Rabah Nait Oufella, Laure Valentinelli, Ilias Le Doré, Robin Goldbronn, Luis Rego, Hermine Karagheuz, Adèle Haenel
Frantzia-Alemania-Belgika
130 minutu