Posizio oneko familia islandiar baten alabak droga trafikatzaile batekin hasten duen harremanak ematen dio abiapuntua Eiðurinn filmari. Aita (mediku prestigiotsua, sasoian dagoten tipo bat) desorekatzen du gertakari horretatik eta hasieran pertsonaiaz espero ez zenituzkeen gauzak egitera eraman. Bolbora asmatzen ez duen arren, gustura ikusten den thriller moral baten aurrean gaude.
Islandiatik aurten zer etorriko zen ikusteko zain geunden, iaz Sparrows pelikulak Urrezko Maskorra irabazi ondoren. Oso bestelakoa da Eiðurinn hau, iazko saridunaren aldean ekintza eta tentsio handiagokoa, beste asmo batzuk dituen filma guztiz. Testuingurua dute antzekoa: familia-arazoen aurrean erantzunak bilatzen dituzte, paisaia hotz eta gogorren erdian.
Zuzendariak ondo esplotatu ditu Islandiako paraje elurtuak protagonistari bizikleta gainean Frantziako Tourrekoak baino kilometro eginaraziz. Eta pelikularen gai zentrala planteatzen deneraino mailari eusten dio: noraino diren aita batek alaba babesteko egiten dituen ekintzak”ongia”-ren esparrukoak eta noiz hasten den maite duzun jendea salbatu nahia psikopata baten portaerak justifikatzeko aitzakia izaten, bide batez konpondu behar zirenak baino problema handiagoak sortuz.
Dilema moral horrek zuzenean garamatza 2013an festibal honetan ikusi genuen Prisoners (Denis Villeneuve) filmaz akordatzera, nahiz eta Baltasar Kormákur (zuzendaria izateaz gain filmeko protagonista) ez den Hugh Jackman eta hau ez dagoen AEBetan hainbeste gustatzen zaien estilo efektista, baina maiz eraginkorrean filmatua. Nik behintzat indar pixka bat sumatu dut faltan amaieran, korapiloa askatzeko modu aseptikoarengatik. Krimen nordikoen zaleek gozatuko dutelakoan nago, nolanahi.
SAIL OFIZIALA
Eiðurinn
Zuzendaria: Baltasar Kormákur
Aktoreak: Baltasar Kormákur, Hera Hilmar, Gisli Orn Gardarsson, Margret Bjarnadottir
Ilandia
110 minutu