Sentimendu konplexuen gainean eraikia dago Jonás Truebaren La reconquista. Bi partetan banatua, lehenengoak lortzen du ikuslea protagonisten munduan sartzea tonu malenkoniatsu batekin; bigarrenak berriz, lehenago iradoki diren gauzak gehiegi esplikatzen ditu filma hondatuz.
Zer geratzen da bizirik nerabezaroan izan genituen maitasun harremanetatik? Hori da, gutxi gorabehera, pelikula honek itxuraz erantzun nahi duen galdera. Horretarako, 30 urteren bueltan dabiltzan gizona eta emakumea jarriko ditu aurrez aurre. Hamabost zituztenean elkarrekin ibili ziren eta neskak orduko gutun bat ekarriko dio zitaren hasieran.
Filmaren lehen zatia zita horrek hartzen du oso-osorik eta lortzen du guztiz ezabatu ez diren sentimendu horiek islatzea, pixkanaka elkarrengana hurbiltzen doazen pertsonaien antzezpen onari esker.
Deigarria da parte honetan Rafael Berrio musikari donostiarrak hartzen duen protagonismoa: neskaren aitaren papera jokatzen du, haren kontzertura joango dira protagonistak eta haren kantuek (Simulacro, baina batez ere filmerako espresuki egindako Arcadia en flor) adieraziko dute protagonistek hitzez esaten ez dutena. Interesgarria, halaber, Madril eszenatoki bezala nora erabili duen: Eguberrietan dagoen hiriak ondo laguntzen dio bikotearen tour erromantikoari.
Kontua da, lehen zati horren ondoren zuzendariak protagonisten nerabezaroa erakutsi nahi izan duela, batere beharrezkoa ez zen ariketa bat eginez: jada iradoki diren gauzak esplikatzea. Ikusleari badaezpada dena erakuste horrek filma aspergarri bihurtzen du erditik aurrera eta abiapuntuko konplexutasun emozionalaren ordez gauza askoz melenga eta hutsalagoa geratzen zaigu, Berrioren ordez eszenatokian La Oreja de Van Gogh agertu izan balitz bezala.
SAIL OFIZIALA
La reconquista
Zuzendaria: Jonás Trueba
Aktoreak: Francesco Carril, Itsaso Arana, Aura Garrido, Candela Recio, Pablo Hoyos
Espainia
108 minutu