1960ko hamarkadako AEBetan girotutako istorioa da Ewan McGregorrek zuzendutako American pastoral. Philip Rothen izen bereko nobelan oinarritua, konparazioan galtzen atera arren filmerako egokitzapena txukuna da.
Nathan Zuckerman idazlearen bidez ezagutuko dugu Seymour Levov “Suediarra”-ren bizitzaren berri: ikasle ohien bilera batera joango denean, Levoven anaiaren bidez jakingo du Rothen alter egoak zer gertatu zitzaion gaztetan ezagutu zuen kirolari ilehoriari ezkondu eta alaba izan ostean.
II. Mundu Gerraren amaiera ezagutu zutenen eta 1960ko hamarkadako iraultza giroan nerabe zirenen arteko belaunaldi-talkan oinarritzen da filmaren gatazka nagusia: Levovek, familia juduko eskularru-fabrika bateko nagusiak, ezin izango ditu alabaren portaerak ulertu, gaztea Vietnamgo gerraren aurkako aktibistekin harremanetan hasiko denean.
Bizitza osoa markatzen duten familia barruko harreman gaiztotuen istorioa da, oso modu konbentzionalean filmatua eta antzezleen aldetik –batez ere filma zuzentzeaz gain protagonista nagusia duen McGregorren aldetik– ñabardurak falta dituena pelikulari bestelako mamia emango liokeen sufrimendu morala hobeto islatzeko.
Halere badu heldulekurik, eta Rothen trilogia amerikarraren fanatiko direnek ere ez dute obra traizionatua ikusiko ekoizpen honetan.
SAIL OFIZIALA
American pastoral
Zuzendaria: Ewan McGregor
Aktoreak: Ewan McGregor, Jennifer Connelly, Dakota Fanning
AEB
126 minutu