Bere bikotea beste gizon batekin zurrutean aritu dela jakin ostean, Youngsoo margolariak eztabaida izango du harekin eta banandu egingo dira. Hori da Dangsinjasingwa dangsinui geot film korearraren abiapuntua. Sail Ofizialeko lehiaketan azkena, ez dio oso amaiera ona eman aurtengo edizioari.
Izan ere, bikotea hausten den momentutik aurrera, Minjung izena duen neskak –edo haren berdin-berdina den emakume batek behintzat– beste hainbat gizonekin zitak izango ditu. Bitartean, zintzilik geratu den Youngsoo haren bila arituko da arrakastarik gabe.
Filmak aurrera egin ahala jabetzen gara neska gezurti konpultsiboa dela, ezagutzen duen gizon bakoitzari istorio diferente bat kontatzen diolako; eta gizon berri batekin taberna batean dagoela, aurretik ezagutu duen beste bat hurbiltzen zaienean ezagutuko ez balu bezala jokatuko du.
Erritmo geldokoa eta errepikakorra, pelikularen dialogo batzuen umoreak eta Harold Pinterren Maitalea antzezlana gogora ekartzen duen amaierak bakarrik ematen dute hura ikusten jarraitzeko motiborik, gainontzean gehiegi luzatutako film labur baten tankera baitauka.
SAIL OFIZIALA
Dangsinjasingwa dangsinui geot
Zuzendaria: Hong Sang-soo
Aktoreak: Kim Joo-hyuck, Lee You-young
Hego Korea
86 minutu