Pontzio Pilatos alardean

Gorka Bereziartua
0

“Ni saiatzen naiz denekin hitz egiten 

eta gustatuko litzaidake 

denek denekin 

hitz egitea”

Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea (Antxeta Irratia)

Iturri fidagarriek diotenez, Txomin Sagarzazuren aurretik Hondarribiko gauza publikoaren burua zen Aitor Kerejetari txankleta oso bat kabitzen zitzaion ahoan, hasten zenean medioekin hizketan, eta galdetzen ziotenean irailaren 8an emakumeek soldadu gisa ateratzeko aukeraz. Desfile parekidea deskribatzeko “inposizio” hitza erabiltzen zuen (Berria, 2008-IX-8) eta ez zeukan dudarik Jaizkibel konpainiari “manifestazio” deitzeko (Diario Vasco, 2007-IX-9). Sagarzazu ez da hain naguxitua fauna publikoa aurrean duenean. Urteak ere ez dira debalde pasa, beste herrietan erakutsiz –Lekeition, Tolosan, Beran…– Hondarribiarentzat ere saihestezina den bidea.

Sagarzazu saiatzen da beraz, hori dio. Gustatuko litzaioke eta abar. Baina gero ekintzak daude, diskurtso zentrista moderatu santu horri egoskorki kontra egiten. Adibidez: jaietako kartelean konpainia parekidea kanpo utzi du Udalak, alardearen egunean pankarta bakarra kendu du polizia munizipalak –hau zioen: “Inoiz ez zara borroka honetan bakarrik egongo. Aupa Jaizkibel. Gora borroka feminista”– eta desfile baztertzaileari harrera egin ondoren, gizonki hartu du parte Sagarzazuk segizioan –“bi potrorekin” idazteko zorian egon naiz–. Denek denekin hitz egin behar dutela, baina denak ordezkatu behar dituen alkatea, batzuekin bakarrik.
Hondarribiko historiak leku bat dauka gordeta urteroko ikuskizun lotsagarri honekin bukatzeko ausardia duen alkatearentzat, zeinak, hori da peajea, ezingo duen izan plastiko beltzaren atzeko ultra horien morroi. Ausardia hori ez daukanak ezagutzen du tokatuko zaion pertsonaiaren fama txarra: kristauek oraindik ez diote barkatu Pontzio Pilatosi eskuak garbitu izanaren asunto hura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA