Onena eta txarrena batera etortzen dira

Gorka Bereziartua
0

Oihenartek jaso zuen esaera bat, sukaldari traketsentzat oso praktikoa: “Ganibet berbatek debaka ogia eta erhia”. Alegia, kontuz ibili behar dela janaria mozteko erabiltzen duzun labanarekin, familiari zure atzamarrak zerbitzatzea ez baita aperitiferako aukera onena. Esaerak badu hain literala ez den zentzua ere, alegia, batzuetan gertatzen dela onena eta txarrena biak batera etortzea. Horixe gertatu da Zinemaldiko Sail Ofizialeko  bosgarren egunean.

Ogiarekin hasiko gara, proiekzioen ordena errespetatzeagatik: aitortu behar dut Pororoca ikustera sartu naizela aurreiritzien motxila karga-karga eginda, zeren, goizeko bederatzietan, ia gosari bezala, ez da munduko gauzarik opagarriena ezagutzen ez nuen zuzendari errumaniar baten film bat –Principles of Life-rekin 2010ean Donostian izan zen, baina ez nuen ikusi–, zeinaren metrajea bi ordu eta erdikoa den.

Desagertutako alaba baten inguruan eraikitako filma da ‘Pororoca’.

Constantin Popescuren filmak lortzen du a priori kontra dauzkan faktoreak aldeko bihurtzea. Parkean alaba desagertzen zaion aita du protagonista eta gertakari latz horrek bere bizitzan eragiten du aldaketa bat, erabatekoa. Obsesio baten erretratua da alde batetik, aitak alabaren desagerpenaren erruduna aurkitu nahi duelako, baina ez dago susmagarri argirik poliziarentzat. Bestetik, gertakari traumatiko batek eragiten duen higadura emozionalaren istorioa da, termitek bezala, pixkanaka-pixkanaka protagonistaren zimenduak jango dituena.
Filmak keinu sotil bat egiten dio antzeko tematika duen Denis Villeneuveren Prisoners filmari –alaba desagertzen denean norbaitek aipatzen du txilibitu baten bila joan denaren kontua–, baina paralelismoa hor bukatzen da. Popescuren lan hau pausatua da, aitaren ezinegona islatzen du kontentzioz; eta justifikatuta dago horretarako hartu duen metrajea. Spoilerrik ez, noski, baina azken urteetan Sail Ofizialean ikusi dudan amaiera gogorrenetako bat dauka –iazko Playground poloniarraren baimenarekin–.
Utziozu, tontoa da

Eta aurtengo Sail Ofizialak momentuz eman duen film txukunenetako baten ondoren, atzamar bat saltarazi digunera: Sollers point film estatubatuarra ikusi ondoren, zalantza geratu zait pantailan agertu dena pelikula bat izan ote den, ala Grand Theft Auto-ko gameplay bat. Baina ez, argi dago bideojokoaren kasuan mami narratibo handiagoa aurkituko duzula.
Ia ezer esaten ez duen filma da ‘Sollers point’.

Produktu honen osagaiak hauek dira: kartzelan egon den gazte problematiko bat bizimodu berria eraiki nahian; bere gaizkile-koadrilakoak bandara itzultzen ez delako kontu eske; berriz ikusi nahi ez duen neska-lagun ohia; berarekin ondo moldatzen ez den aita; arreba bat, etorkorragoa zaiona, baina urrun bizi dena; eta aktore protagonista bat, zeinaren abildade nagusia den gaita galiziarra bezalakoa izatea: soinu berdin-berdina ateratzen du ezkontzetan eta funeraletan, a ze interpretazio laua.
Baltimoren girotutako istorio honek, inora iristen ez den gidoi batekin, ondorio bakarrera bideratzen gaitu: protagonistari bizitza nahiko, oso, erabat gaizki badoakio, bere ardura esklusiboa dela, bestelako aukerak izan arren beti erabaki txarrena hartzeko bezain ergela delako. Kutsu soziala eduki nahi duen film batentzat mezu eskas samarra dela? Bai. Eta baditu beste hainbat ezaugarri tamalgarri ere, baina Oihenarten ganibeta patrikan gordeko dugu, pelikularen gorpua sastakatzen segitzea ankerkeriaren terrenoan sartuko litzatekeelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA