Aitorren hizkuntza zaharraren erret akademiak Bilboko Plaza Barrian daukan egoitzan egon denak ikusiak izango ditu hango bilera gela nagusian zintzilik dauden Euskaltzainburuen erretratu, nire ustez, afrus xamarrak. Haietako bik ere –Haritschelar gorbatarekin eta Lekuona sotanarekin– agertu nahi izan dute Euskal Autonomia Erkidegoko iritzia dominatzen duen kazetako argazkian, Andres Urrutiari egindako elkarrizketa akonpainatuz. Antigoaleko estanpa bat.
Eta badakit, publikatu den lekuan publikatu delako, elkarrizketa hau ez dela ni bezalako irakurle bati zuzendua, euskararen asuntoetatik urrutirago dabilen jendeari baizik. Baina publikatu den lekuan publikatu delako, hain justu, arduratzen naute Urrutiak irakurlego horri bidali dizkien mezuek: karrera ikastera doanari bi ikasgai euskaraz, bi gaztelaniaz, bi ingelesez eta bat frantsesez egiteko gomendatzen diela –murgiltze-eredu kataluniarra gurera ekartzeko asmoari ostikotxo bat gehiago–; diru-laguntza lauso gehiegi eman direla euskararentzat; “erabat klientelarrak” diren sektoreetara eramaten gaituztela diru-laguntzek… Pantailaren scrolla gorantz eraman behar izan dut hizketan ari dena Euskaltzainburua dela ziurtatzeko. Eta bai, bera da –Haritschellarrek beste alderantz begiratzen du argazkian, ezer jakin nahi ez balu bezala–.
Okerrena da funtsean bat natorrela Urrutiaren baieztapenarekin: euskaldunok egin beharko dugu erakargarri euskal kultura. Ez daukat hain klaro ordea, hori lortzen hasteko modua hau ote den. Kosmobisio erdaldunaren aurreiritziak baieztatzeak ez du euskararen aldeko jarrera positiborik sortuko. Aurreiritziak indartzea besterik ez.