Bukle melankolikoa

Gorka Bereziartua
0

PSEren eta Euskadiko Ezkerraren arteko fusioa du ardatz Gaizka Fernandez Soldevillak Sara Hidalgorekin batera idatzi duen La unión de la izquierda vasca liburuak. Gauza kuriosoa gertatu zait ElDiario.es-ek egin dion elkarrizketa irakurri bitartean: artikuluak Fernandez Soldevillaren irudiak bakarrik dakartza, baina zuri-beltzezko argazki higatuak eduki ditut buruan bueltaka –aurpegi serioak bizar handiekilan, txaketa horterak, kontrabandoko Winston zigarroak–, zeren, benetan, zahar usaina dario 1993an gauzatu zen aliantza hartaz egin duen berrirakurketari, existitu ez zen zerbaiten nostalgia biziko balu bezala. Existitu ez zena, alegia: EAJri hauteskundeetan gehiengoa kentzeko sendotasuna eduki zezakeen alderdi sozialista baskista bat.
Ez dugu PSCren antzekorik izan hemen eta Fernandez Soldevillak ez du nahi ere, Katalunian “problemak” sortu dituelako. Hemen, Patxi Lopezen agintaldi loriatsua salbu –eta hori ere nola lortuta, enfin–, sozialisten funtzioa EAJren makulu izatera mugatu da gehienetan. Badu historialariak horretarako ere justifikaziorik: “Herri-proiektu bat edukitzeko beharrezkoa da desberdinen arteko paktu bat”. Kanta ezaguna egiten zaizu? Izango da PSEk botere postu batzuk harrapatu nahi dituen aldiro jotzen duen musika delako.
Brocante politiko honetan ezin falta Espainiako Trantsizioa noski, izquierda vasca honek bere buruari begiratu eta oraindik gazte erakusten duen ispilu bakarrenetarikoa baita. Asmakizun berrien faltan, norbait izan ziren garaietan murgilduta dabil PSEren intelligentsia. Hau bai bukle melankolikoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA