Bergarako Martxanterak talde feministak eman dizkion erantzunengatik iritsi naiz Oihan Vegaren iritzi-artikulu batera, “M8, eta orain zer?” du titulua, pixka bat Leninen Zer egin? hura bezala, baina komunismorik gabe, zeren komunismoak ere ez baitu, Vegaren esanetan, matxismoa desagerrarazten –Twitterren irakurri diot erromeriako esplikazio hori, artikuluak eragindako polemikaren erantzunetan–, eta beraz, galdetzen du –berriz ere artikuluan–, zergatik salatu behar den kapitalismoa greba feminista batean edo zergatik uztartu nahi duten ekologismoarekin; eta gero pasatzen da txalotzera Osakidetzan, hezkuntza sisteman eta EITBn jada lortuta dagoen “erabateko berdintasuna”.
Sudurzuloak itxi behar izan ditut, urtu berri zaidan burmuina mahaian barrena ez isurtzeko. Lasai, hau irakurtzen ari zarenerako bueltatu da materia grisa egoera solidora.
Idatzi aurretik galdera batzuk egiteak eragotzi zezakeen iritzigintzaren frakaso hau. Adibidez: EITBn “erabateko berdintasuna” lortu bada, zergatik atera ziren kalera M8an EAEko irrati-telebista publikoko Vegaren lankide pila bat, gainontzeko emakume feministekin batera, planto egitera? Pista: erantzunik bururatu ezean, lankide horiei galdetu. Galdetu gehiago, galdetu dena: aldarrikapen feministak zer daukan ikusteko ekologismoarekin? Ez al dira emakumeak hondamendi ekologikora bidean den mundu honetan bizi, horri buruz zeresana edukitzeko? Kapitalismoa zergatik aipatzen duten? Agian egunero haren ondorioak jasaten dituztelako, bikoiztuta, ordaindu gabeko lanen zama euren gain hartzen dutelako?
Duela hiru asteko grebak aldaketa handi eta txiki askoren premia eraman zuen kalera. Gauzei begiratzeko kartola maskulinoak kentzea da, segur aski, gizonezko gehienok egin behar dugun lehenbizikoa.
3 Iruzkin
Bizpahiru aldiz irakurri behar izan dut lehen lerroaldean agertzen den argudio hori… Bai, benetan… Zuk sinesten duzu komunismoan, (izatez?) matxismorik ez dela… Ahoa bete hortz uzten nauzu, eboluzioaren inguruko eztabaida batean adibidez, norbait lasaiki azaltzen gure planeta zazpi egunez egina izan zela eta dinosauroak ez direla inola existitu, edota euren arrastoak jainkoak sortu zituen asmakeriak gure fedea probatzeko besterik ez direla hasiko balitz bezala…
Izugarrizko adierazpenei izugarrizko frogak dagozkiela adosturik, zein frogatan ote datza ziurtasun handiz azaltzen duzun kontu hori? Jakingura handiz galdegiten dizut, zinez.
Kapitalismoa azaleko kontua besterik ez da kontu horri begira, beste edozein sistema sozioekonomiko bezalaxe. Funtsezkoak anitz dira, eta biologiarekin loturik dira gehien nabarituko nituzkeenak, eboluzioaren ikuspuntutik are gehiago. Psikologia eboluzionistaren ekarpenak oso adierazgarriak dira fenomeno konplexu hori hobeki ulertzeko.
EITB-ren adibidea ez zait biziki egokia iruditzen. Galdera zera litzateke hain zuzen: gure mendebaldeko gizartean (hots, Euskal Herritik haratago) emazte bati zer egiten zaio ezinezkoa?
‘Berdintasun’ hitzaren inguruan, erran gabe doa gaizki-ulertze handia dela eta haren esanahia murrizteko joera dugula, ohartu gabe ere. Ildo beretik, biologiak erakusten dizkigun sexuen arteko ezberdintasunek ez dute berez edozer justifikatzen ere.
Oihan Veganek, galdera interesgarriak botatzeagatik, ezkerraren politikoki zuzena astintzeagatik, sekulako kritikak jaso ditu, oso doinu paternalistan gainera, eztabaidaren ate guztiak itxita geldi daitezen. Horrela da usu, zoritxarrez, eta kontra-argudioen ahultasuna ageri uzten du.
Horrekin bukatzeko, Veganek zalantzan ezartzen duen gauzetako bat da, nire ustez, azken hamarkadetan mugimendu feministaren barnean izandako funtsezko eraldaketa, oso eztabaidagarria dena eta horri buruz, gogoeta bikaina gauzatu du Helen Pluckrose idazleak.
Hortxe dituzu jatorrizko artikulua (ingelesez) eta erdarazko itzulpena:
https://areomagazine.com/2016/12/29/why-i-no-longer-identify-as-a-feminist/
https://medium.com/@Carnaina/por-qu%C3%A9-ya-no-me-considero-feminista-c4ac2bb34c31
Zure materia grisak tinko jarrai dezan, hausnarketa polita benetan.
Aupa Manu, mila esker zure iruzkinagatik.
Nik ez dut inolako momentutan esan sistema komunistetan matxismorik ez denik egon (lehenbiziko paragrafoa berriz irakurtzen baduzu ikusiko duzunez).
Baina greba feminista batek kapitalismoa salatzen duelako kontra-argudio gisa sistema komunisten matxismoa plazaratzea argudio nahiko hutsala da: batetik, sistema komunistetan matxismoa egoteak ez duelako ezeztatzen sistema kapitalistan dagoen matxismoa (eta beraz, azken honek salatzeko modukoa izaten jarraitzen du); bestetik, 2018an gaudelako eta sistema kapitalista delako nagusi ia mundu osoan.
Mila esker gomendatzen didazun irakurgaiagatik. Nik ere beste bat gomendatu nahi nizuke, “politikoki zuzena” terminoa erabiltzen duzunez. Iruditzen zait agian ez zarela jabetu “politikoki zuzena” espresio lausoa horrela erabiltzeak daukan arriskuaz.
Badugu garaia “zuzentasun politikoa”ren ideia problematizatzeko, momentu honetan politika aurrerakoiak proposatu nahi dituen edonorentzat arazo larria bihurtu baita etiketa hori. Egunero ikusten dugu, koadrilako elkarrizketagai bihurtu da jada: Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta ez ukitzearen alde zaude? Politikoki zuzena zara. Txiste bat arrazista dela diozu? Politikoki zuzena.Feminista? Politikoki zuzena.
Moira Weigel-ek badu artikulu sakon bat, iaz The Guardian egunkarian argitaratua, zeinak espresioaren genealogia egiten duen. Ingelesez moldatzen zarela ikusten dudanez, lotura horretan daukazu osorik.
Nolanahi, pasarte batzuk euskaratu ditut: Weigelek azaltzen duenez, “1980ko hamarkadaren bukaeraraino ‘zuzentasun politikoa’ ezkerrean baino ez zen erabiltzen eta ia beti ironikoki, gehiegizko ortodoxiaren kritika gisa. (…) Baina laster, eskuinak terminoa berrizendatu zuen eta haren esanahia goitik behera aldatu. (…) Esan zuten zuzentasun politikoa zela ezker muturraren programa politikoa, zeina AEBetako unibertsitateen eta instituzio kulturalen kontrolaren jabe egiten ari zen. (…) Zuzentasun politikoa asmakizun erabilgarria izan zen eskuin Errepublikanoarentzat, izan ere, lagundu zion ziri bat sartzen langile klasearen eta haren alde hitz egiten zutela zioten Demokraten artean. ‘Zuzentasun politikoa’ bihurtu zen tresna ideia bat ezartzeko irudimen publikoan: bazegoela sakoneko bereizketa bat ‘jende arruntaren’ eta ‘elite aurrerakoien’ artean, zeinean azken horiek saiatzen ziren jende normalaren diskurtsoa eta pentsamendua kontrolatzen. Zuzentasun politikoaren aurkako oposizioa bihurtu zen, era berean, arrazakeria berregiteko modu politikoki onargarri bat eskubide zibilen aldeko mugimenduen osteko garaian”.
Artikulu osoak merezi du, zaindu zuk ere materia gris hori!
PS: Oihanen abizena Vega da, ez Vegan.
Baina zer da hau? Euskal filologiartarren borroka edo euskal hiztegiari hautsa kentzeko eztabaida. Garbi hitz egin,ez gara eta denok EUP tik pasa eta. Ohianek kazetaria izanaz errespetuz hitz egin dio publikoari, ulerkor, bere iritzia eman eta euskal gizarteak duen balioak adibidebatzuz azaldu. Eitb-ko emakumeak eta beste asko elkartasuna gatik ere atera zitezkela ere pentsa dezakegu burmuina urtu aurretik. Ni behintzat nire feminismoa eguneratzen zaiatzen naiz eta ez hitz jarioan erori.
PS ak guztoko? Nola egiten duzu pixa?
Barkatu nire hiztegia xumea eta akatsez betea bada.