Garai aldakorrak bizi ditugu, garai likidoak, garai postmodernoak, Don Inorrezek argitaratu berri duen diskoan kantatzen duen moduan. Egun, inork ez dizu kargu hartzen gaur A esaten baduzu, bihar K eta etzi Z. Kontortsionista politikoak dira blablabla mediatikoan errege, jende malgua, flex sentitzen dena, jarreraz aldatzen dakiena panazko txaketaz bezain arin.
Aspaldi esplikatu zuen Jesus Egigurenek txiklezko politika honen fundamentua. “Flexiguren” izeneko bideo batean ikus dezakezue Youtuben –droga ona da–: “Gu alderdi flexiblea gara: guk esan dezakegu hori hor eta, aurrerago, beste zerbait esan. (…) Gu ibili gara NATOren aldeko propaganda egiten Kontxan esku-orriak banatuz; eta handik hiru hilabetera, NATOren kontrako esku-orriak”.
Jose Antonio Pastor barrez lehertzen zen Egigurenen ondoan 2009ko EAEko Legebiltzarreko saio hartan. Txisteak grazia egin behar dio oraindik ere, zeren, asteburu honetan, ETA desarmatu zenetik urtea bete denean, goiko adierazpena eskaini digu, “niri bost” esanez bezala. Iaz, hilabete honetan bertan, esan zuen desarmatzea “aukera berri bat zela” biktimei kalte-ordaina emateko. Kontraesana? Ez, lagunok: malgutasuna, aldeko eta kontrako esku-orriak, atzo goizean esandakoaren gainean beste palakada bat adierazpen bota beharrak exijitzen duen gerri-jokoa.
Txomin zenari Ximon deitzeko ariketa honek badu, nolanahi, alderdi ez hain graziosorik. Azken finean, ziklo odoltsu baten bukaeraz ari gara eta, edozein aldetatik begiratuta ere, ez dirudi egokia Pastorrek hainbeste sufrimenduren amaieraren gainean pixa egitea, zertarako eta titular triste bat lortzeko.