Wishful thinking

Gorka Bereziartua
0

ETAri azkeneko elkarrizketa egin dio Gara-k. Ekainean publikatuko da osorik liburu batean, aurrerapena maiatzaren 7an argitaratu dute eta erantzunen artean esplikatzen du behin betiko amaiera-prozesua nola gauzatu den, baita beste gai arantzatsu batzuei buruz –biktimak sailkatzeko irizpideak, adibidez– erakunde desarmatuak duen ikuspegia ere.

Historiaren puntu honetara iritsita, hainbeste burdin, berun eta bolbora atzean utzita, izango dira batzuk –asko– azalpen horiei arretarik eskainiko ez diotenak, minagatik ez bada, kapitulua pasa nahi dutelako. Baina nik behintzat, uste dut komeni dela perspektiba luzeagoa edukitzea, 60 urteko zikloak ez baitira egunero ixten eta azken uneraino ETAn jardun dutenei irakurtzeak badu baliorik, noizbait galdera handietako bat argitu nahi bada: zergatik gertatu zen hau guztia?
Erantzun erabatekorik ez dago, baina euskal errepublikari buruzko esaldi honetan sumatzen da urte askoan ETAn errepikatu den pentsatzeko modu bat, ingelesez wishful thinking esaten zaiona: errealitatea aztertzea gustatuko litzaizukeen egoeratik abiatuta, ez muturren aurrean daukazunetik. Labur esateko: ez dut uste helduleku sendo bakar bat dagoenik esateko euskal errepublikaren proiektua indartsu dagoenik; are gutxiago “inoiz baino indartsuago”.
Problema handiena ez da, nolanahi ere, ETAk egoera politikoa horrela analizatzea, azken finean pertsiana jaitsi aurreko adierazpen bat besterik ez da. Arazoa da, real politik diskurtsoetan aski trebe agertzen hasi diren arren, ezkerreko politikari abertzale zenbaitek ere antzeko eskemen arabera pentsatzen jarrai dezakeela. Pentsatzeko modua aldatzea zailagoa baita, batzuetan, estrategiak aldatzea baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA