Kolore bizia, faxismoa ezkutatzeko?

Gorka Bereziartua
0

Lucrecia Pérez, ‘Kolore bizia’ kantan aipatzen den emakumea.

EiTBren gazteentzako produktu-faktoriak 3zpa4 aurkeztu zuen apirilean, musika talde bat sortu nahi duten lau gazteren gorabeherak ardatz dituen saio berria. Eta Go!azenen egiten duten moduan, talde horrek ere zenbait euskal kanta klasikoren bertsioak egiten ditu, astero bat, koreografia, karaoke eta konfeti dezenterekin.

Bertsio horiek jatorrizkoen aldaera edulkoratu bat besterik ez direlako marmarka hasteak ez du askorako balio, izan ere, segituan etortzen zaizu inguruan daukazun guraso gazteren bat –zenbat ugaritzen ari den espezie hori, portzierto–, “bai, baina” esaten: “Bai, baina gutxienez gure txikiak telebistan euskarazko zerbait ikusten du horri esker”.
Gainera, guraso gazte horrek 16 urte zituenean tabernetako mozkorkerian entzuten zituen kantak direnez, jokaldia borobila da: umeei gustatzen zaie azukre geruza extra bat daukan bertsioa eta gurasoei, posibleki, gehiago –denak melengatzen baikaitu adinak, batzuetan onartu nahi ez dugun arren–.
Hortaz, zertarako idatzi artikulu hau? Bada, 3zpa4-ren bideo batera iritsi naizelako, zeinean Negu Gorriaken Kolore bizia kanta bertsionatzen duten.

Eta gauza batek arreta deitu dit: abestiaren letra zikiratu dutela, lehenbiziko partea desagerraraziz. Hau zioen kantak jatorrizko bertsioaren hasieran.

Hauxe da arrazakeriaren kontra
manifestazioa
zeren eta
Lucreciari eskaini nahi izan nion
olerki xamur eta labur bat.

Eta Estatuaren segurtasun indarren kontra
panfleto bat atera zitzaidan
politikari guztiak faltsuak
baitira.

Zergatik kendu dute pasarte hori? 1992an Lucrecia Pérez hil zutela gogora ekartzen du: Dominikar Errepublikan jaiotako emakumea azaroaren 13an tirokatu zuten aurpegia estalita zeramaten lau pertsonak Madrilen. Gerora jakin zen Luis Merino Pérez guardia zibila izan zela pistoleroa; harekin batera, beste hiru adingabe: Felipe Carlos Martín, Víctor Julián Flores eta Javier Quílez, orduan 16 urtekoak.
Taldea “etorkinen ehiza” egiten ari zen, eskuin muturrak antolatutako operazio bat: etxerik ez zuten migranteak elkartzen ziren eraikin abandonatu batera joan eta tiroka hasi ziren, momentu horretan zopa afaltzen ari zirenen kontra. 33 urte zituen Pérezek, eta bi balak bete-betean jota hil zen. Beste dominikar bat, Porfirio Díaz, larri zauritu zuten autoan ihes egin aurretik.
Kolore bizia kantak ez ditu debalde kritikatzen “Estatuaren segurtasun indarrak”, tiroak nork egin zituen gogoratzen badugu; ez du debalde aipatzen politikarien faltsukeria –hiltzaileak aske daude, ez zen antolatu haien aurkako itun antiterroristarik ezta antzeko ezer ere–; eta komando faxista hartan parte hartu zutenetako batzuen adina ETBko saioak erakarri nahi duen publikoaren antzekoa dela kontuan izanda, ulertezina da abestiaren zati hori kentzea.
Hori eginda eta, gainera, arrazakeriaren kontrako kanta batean lau gazte zuri bakarrik dantzan jarrita, kantak salatzen duen faltsukeria kolore itsusi samarrez agertzen da pantailan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA