Ordezkoen aulkian

Gorka Bereziartua
0

Notizia onak: aro berria hastear da Euskal Herrian. Tira, 2011tik ari gara kontu berarekin, baina orain badirudi baietz, badatorrela Godot. Bukatu da gatazkaren fase bat zeinean, puntu batera iritsita, zenbaitek gure buruari galdetu genion ea existitzen ote ginen ere, argazkitik kanpo baikeunden, egunero-egunero titularrak betetzen zituen fenomenotik dislokatuta, ekintza armatuen, errepresioaren eta horien segidan produzitzen ziren bukle diskurtsiboetatik aparte. Ordezkoen aulkian.

Baina, notizia txarrak: badirudi aro berri honek ere ondo dosifikatuta emango dizkigula hitz egiteko aukerak, alderdiei ez baitzaie kreditu politikorik faltako, ezta protagonismorik ere. Ordezkariak izango ditugu eta ordezkatuak izango gara, eta eskema horretan erabakitzeko aukera, azken hitza, batak edukitzen du, ez besteak. Bestea, ordezkoen aulkira.
Auzia hori baino sakonagoa da gainera. Nire buruari galdetzen diot “erabakiaren aroa” izen komertzialarekin martxan jarri nahi den sasoi honetan, ea gizartea ulertzen jarraituko dugun puzzle baten gisa. Puzzle bat, alegia, pieza guztiak behar diren tokian jarrita, osotasuna ematen duen zerbait. Pertsona bakoitza leku batean identifikatu, klasifikatu eta izendatu daitekeen eskema mental bat. Zeren, gauzak pixka bat konplexuagoak izan ohi dira: kokatu gabeko pertsonak, ustekabean subjektu gisa altxatzen diren kolektiboak, piezak puskatzen dituzten testuinguru berriak… Bizitza bera.
Eta iruditzen zait konplexutasun horiei erreparatu gabe, jende askok frustrazioz biziko duela bere ahalegin desinteresatuek partiduen logika interesatuekin topo egingo duten momentua. Ordezkook ikasi beharko dugu noizbait “ez gaituzte ordezkatzen” esaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA