Qué pone en tu DNI

Gorka Bereziartua
0

Ez dakit zein bihurgunetan erori zen “ez espainiarra, ez euskalduna: ni munduko biztanlea naiz” esaldia, baina aitortu behar dut txundituta nagoela konstituzionalismo espainiarraren estrategia berriarekin: afera dagoeneko ez da Espainiako Estatuaren “problema territoriala” konpondu nahi izatea arazoa bera ukatuz –horixe baitzen denak munduko herritarrak garela aldarrikatzea, lehen eta bigarren mailako eskubide nazionalen hierarkiari hortz eta bihotz eusten dien estatu batean–; askoz harago joan da Rivera, problema guztiak ukatuz, baina ez munduaren mundutasun globalean urtuz, baizik eta bandera nazionalarekin urkatuz.

Zer jartzen du zure DNIak? Ikusten? Ez dio ezer zure lan-baldintzez, bizi zaren auzoaz, sartu dituzun eta pagatu ez dizkizuten orduez, hipoteka ordaindu ezin duzulako etxetik ostikoka bota zaituen poliziaz, pipak –jatekoak– erosteko ere ematen ez duen pentsioaz, talde-bortxaketa baten bideoa ikusi eta pitilina gogortzen zaion epaileaz. Zer jartzen du horetaz DNIak? E? E? Horixe ba, ezer ez. Espainiarra zarela. Guztiak espainiar eta gustatzen ez bazaizu, izorraitz (sic).
Falanhipster batekin eztabaidatzea alferrikako lana ez balitz, sotiltasun politiko pixka bat eskatzen duten kontuetan sartuko ginateke, adibidez, nazionalitatearen eta herritartasunaren artean dagoen diferentzian, bi gauza diferente baitira, nahiz eta Espainian sinonimo gisa erabili, nazio minorizatuak dituen estatu batean hori egiteak aukera ematen duelako gutxiengoan daudenak zanpatzeko, Emilio Lopez Adanek noizbait esplikatu izan duen moduan. Bada, orain beste gutxiengoen txanda dela dirudi: langile, langabe, emakume, zahar, gazte… Nazio horrek dena irensteko gosea dauka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA