Kaleko mobilizazioak zerbaiten termometro badira, UPNren tenperaturak baxu xamar egon behar du, berri txarrak jasotzen ari baita azkenaldian: asteburuan milaka lagun elkartu dira Iruñean Altsasuko gazteen aurkako sententzia arbuiatzeko eta muntaia polizial-mediatiko-judiziala salatzeko. Beste sententzia batek, 2016ko Sanferminetako talde bortxaketaren kasukoak, milaka lagun atera zituen Iruñeko kaleetara aurtengo apirilean eta haserrea metropoli foraletik askoz harago sumatu zen.
Oso mobilizazio jendetsuak, oso sententzia polemikoek eraginak. Eta giro horren erdian, erabaki judizialak debate publikoaren dianan daudenean, ez zaigu ba plazara atera Esparza, esateko, Diputazioa galdu zutela oraindik onartu ez dutenen izenean, beraiek toga janzten dutenen alde daudela?
Esaldiak badu bere testuingurua: Esparzak parez pare jarri ditu Altsasukoen aldeko manifestazioa eta ekainaren 2an UPNren kale-animazio departamenduak antolatutako euskarafobia pride eguna, salatzeko Uxue Barkosek mobilizazio baten eta bestearen aurrean jarrera diferenteak hartu dituela, “proportzionaltasuna” eskatu duelako Altsasukoen kasuan –adierazpen neurtuagorik, nekez–.
Kaleko mobilizazioak zerbaiten termometro badira, ordea, UPNren tertzio mediatikoak ez dira lortzen ari jende askorik mugitzea Barkosen gobernuaren aurka. Euskararen kontrako manifestaziora gasolina gutxiagorekin iritsi ziren iazko ikurrinaren kontrakora baino. Eta urtetxo bat falta da eltze forala sutan jartzeko. Ez dirudi denbora asko. Eta hauteskundeen irabazleak ez dituzte epaileek erabakitzen.