In medio virtus, esaten zuten pentsalari klasikoek: zentroan dago bertutea, ez muturreko jarreretan. Baina gaur hona ekarri dugun adierazpena deskribatzeko, egokiagoa da beste latinkeria bat: In dubiis abstine. Alegia, zalantzan bazaude, ez posizionatu. Badirudi, oraindik ere, ordezkari politiko askok jarrera ekidistante horri eusten diotela Hondarribian, “Alardea bizitzeko bi moduen” milonga botatzen baitute mikro bat aurrean jartzen dieten aldiro.
Eta ez da onargarria.
Joan den larunbateko eszenei begiratu, eta ezin da ikusi hor Alardea bizitzeko bi modu daudenik. Herriaren parte batek sexu-diskriminaziorik gabe desfilatu nahi du; eta herriaren beste parte bat edozertarako prest dago hori eragozteko: Ertzaintzaren erresoluzioak ez bete, desfilatzen ari direnak eta haiek agurtzen dituztenak iraindu, kazetarien lana oztopatu, argazkilariei kamerak kentzen saiatu…
“Festa bizitzeko modu bat”, gorroto-delituak kometitzea.
Hil zaitezka eta putaka tratatu zituzten Jaizkibel Konpainia parekideko kideak irailaren 8an. Beste behin ere. 22 urte horrela. Zapalkuntzak munduko erraztasun guztiak ditu, konbokatu gabeko beste manifestazioekin ez bezala, agintariek ez dutelako inolako koertzio-neurririk hartzen ultren kontra, segurtasun baldintza minimoak betetzeko baino ez bada ere.
1998an, gatazka hau piztu eta gutxira, Manic Street Preachers taldeak kanta bat argitaratu zuen. Zera zioen: “Hau onartzen baduzu, zure haurrak izango dira hurrengoak”. Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak entzungo al du abestia, ordezkari politiko gisa orain arte erakutsi ez duen ausardia maila pertsonalean ateratzeko. Zerbait okerragoa gertatu baino lehen.