Ados egon behar, derrigorrez

Gorka Bereziartua
0

Gauza bat egiteko tentazioa izan dut aste honetako zutabean: goiko esaldia jartzeko zorian egon naiz, baina norena den zehaztu gabe. Asmatuko luke irakurleak? Nik behintzat, itsuan jarrita, ez. Sakoneko ideiarekin guztiz kontraesanean ez balego, manifa bat antolatu behar lukete gure ordezkari politikoek Mendiak esan duena babesteko. Ehunka kargu profesional Bilboko Autonomia kalea betetzen, goiburuan hau irakurtzen dela: “Gu gara herria: guk erabakiko dugu (eta zuek ez)”.

Aurrekontuak onartzeko botoez ari zen Mendia, Elkarrekin Podemosi pankartagintza leporatu dionean. Baina izatez, mota horretako deklarazioak karrera politikoa egiteko asmoa dutenen klixe bihurtu dira; labana erraza, normalean zu baino ezkerrerago dagoenaren kontra erabiltzeko zorroztua, eta errepikatzearen errepikatzez, oso marko antidemokratikoa ezartzen duena, Marina Garcés-ek inoiz esplikatu izan duen moduan: “Ez dago botere sendoagorik kontsentsuak sortzeko gai dena baino, pentsamolde bat inposatzeko gaitasuna daukalako: adostutakoa bakarrik dela demokratikoa; hartara, desadostasun guztiak kanporatzen dira demokraziaren esparrutik”.
Urtetan lokatzetan iraulka ibili ondoren, Hego Euskal Herriko politika instituzionalak tentsioa galdu du; eta bai, askok eskertu dugu. Baina lasaitasunak prezio bat dauka, geroz eta gardenago ikusten da: badirudi kontsentsugintza bihurtu dela politika egiteko modu bakarra. Berdin du zein alderdiri begiratzen diozun gainera, asteburu berean Mendiaren antzeko terminotan zuzendu baitzaio Arnaldo Otegi ELAri, sindikatua kritiko agertu delako Estatutu Berriaren proiektuarekin. Gure posibilitateen gainetik adosten ari garela pentsatzen hasia naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA