Posible al da bikote-harreman bat hautsi eta esperientzia hori gainditzea, bidean burua guztiz galdu gabe? Nik bezala baietz erantzun baduzu, eta zalantza handirik gabe egin baduzu, segur aski ez dizute gauza handirik esango Sail Ofizialean ikusi ditugun lehenbiziko bi filmek. Niri behintzat, ez didate esan.
Baina demagun ezetz erantzun duzula. Demagun zalantza egin duzula. Demagun haustura batzuetatik airoso atera zaren arren, horrelako prozesuetan zu baino okerrago pasa duen jendearen sufrimenduarekin gozatzen duen sadiko bat zarela (zinea aitortu ezinezko plazer asko kanalizatzeko tresna ona baita, aizu). Orduan, agian, gehiago interesatuko zaizkizu El amor menos pensado pelikula argentinarra eta Der Unschuldige alemaniarra, biak ere ondo itxi gabeko iraganeko istorio sentimentaletan oinarritzen baitira, trama eta intentzio oso diferenteko filmak osatzeko bada ere.
Juan Vera argentinarrak komedia erromantiko batekin ireki du lehiaketa ofiziala eta, Ricardo Darín eta Mercedes Morán aktore-tandemaren gainean eraikitako filma ikusi ondoren, zalantza bat piztu zait, artikulu hau irekitzen duen galdera sakonarekin konparatuta, segur aski lurtarragoa dena: salba dezake eszena on batek pelikula, oro har, irregular bat?
Zeren, adin batera ailegatuta euren harremana bukatzen duen klase ertain-altuko bikote honen istorioarekin, horrek dirudi erantzun beharreko galdera nagusia. Luuuuze egiten da pelikularen lehenbiziko partea, hasieratik ebidentea den haustura gertatzen den arte; eta (kontuz, spoiler bat dator jarraian) are luuuuzeagoa Darín eta Morán berriz elkartuko dituen eszenara iritsi bitartean entseatzen dituzten harreman frakasatuak. Tartean, eszena komiko borobil bat, Darín-en pertsonaiak banandu ondoren edukitzen duen lehen zita emakume eszentriko batekin; eta zenbait kolpe grazioso, publikoa tarteka barrez jarri dutenak. Askoz gehiago ez. Paragrafoa bukatu (check).
Pelikula hau burmuineko artxiboan aukeratu (check).
“Ezabatu” botoia sakatu (check).
Eta beste gauza batera.
Zehazki, Der Unschuldige pelikula alemaniarrera: Simon Jaquemet zuzendariak tonu hotz eta lohien arteko konbinazio batekin egin du bere bigarren film luze hau, zeinaren protagonista den emakume bat familia ultrakristau bateko kidea dena. Lehenbiziko aldiz tximino baten burua beste batenaren gorputzean transplantatzen saiatzen ari den laborategi batean egiten du lan eta, ofizio horrek bere moralarekin talka egiten duen arren, benetako problemak hasiko dira protagonistak duela urte asko izandako bikote bat, hilketa bat leporatuta kartzelan sartu zutena, bere bizitzan berriz agertuko denean. Gehitu horri alaba bat, praktika familiar estuegietatik pixka bat ateraz bizimodu propioa egiten saiatzen ari dena (eta bizimodu propioa diogunean, mutilekin larrua jotzeaz ari gara), amaren susmoak piztuz: badituzu osagai on batzuk pelikula baterako. Eta tximino bat ere bai (komenigarria da bat eskura edukitzea, zer gerta ere).
Gertatzen da, ordea, koherentzia handirik gabe aurkezten zaizkigula elementu horiek eta istorioa nora doan galdetzen hasten zarela puntu batetik aurrera. Jabetzen zaren arte ez duela leku konkretu batera iristeko itxurarik. Gainditu gabeko harremanen zama? Fanatismo erlijiosoaren arriskuak? Zientziaren eta moralaren arteko talka? Denak eta bat ere ez. Der Unschuldige-k zerbait adierazi nahi duela dirudi, baina ez dakigu zer. Eta pena da ze, osagai hauen ertzak gehixeago borobilduta, pelikula “arraro” gomendagarri horietako bat izan zitekeen. Tximinoari plano gehiago eman behar zizkioten, agian.
Maitasun erromantikoaren mitoa eta burua transplantatu dioten tximinoa
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
[…] abiatzen dena eta gidoiaren errebuelta bakoitzean ezohikotasun horretan sakontzen duena. Atzo harreman puskatuak pantailaratzeko moduez aritu ginen eta Garrel juniorrek ere tematika hori aukeratu dumaitasun-triangeluen istorio honetan, baina Sail […]