Errepikatu berriz, Sam

Gorka Bereziartua
0

Carlos Acosta dantzaria, Bollainen filmean.

Ez dut nik esango gauza bera etengabe errepikatuz emaitza artistiko interesgarririk lortu ezin denik, adibideak hor baitaude, diziplina guztietan, kontrakoa demostratzeko. Errepikapena ez da problema. Nola, zer eta noiz errepikatu baizik. Nola, zer eta noiz errepikatu baizik. Nola, zer eta noiz errepikatu baizik. Nola, zer eta… Barka, oraindik igandean Sail Ofizialean ikusi ditudan bi filmeren efektupean nago: esana zegoena berriz esan beharrak pelikula bat nola honda dezakeen ikasi dut gaur.
Bi metodo daude horretarako: hemendik aurrera “Bollain teknika” gisa ezagutuko dena; eta “Van Groeningen jokaldia” izenez bataiatuko dutena.

Carlos Acosta dantzari kubatarrari buruzko biopic bat da Iciar Bollainen Yuli eta bi berezitasun ditu: dantzariak bere buruaren rola jokatzen duela filmeko pasarte batzuetan eta istorioaren kontakizuna ilustratzen duten dantza-eszenak tartekatzen dituela, aitzakia gisa erabiliz Acosta prestatzen ari den dantza-ikuskizun autobiografiko bat, Habanan estreinatuko dena.
Bigarren ezaugarri horrek istorioaren garapena oztopatzen du, fikzio bidezkontatutakopasarteei haiek sinbolizatzen dituzten koreografiak erantsi baitizkiete,behin eta berriz. Etaerrepikapen konstante horren erruz, solte hartuta bikainak liratekeen sekuentziak bihurtzen dira garbigailu bati begiratzea bezain interesgarri. Alegia, deus ez.
Bollainen lanari mesede egingo zion, halaber, protagonistaren alde ilunen bat erakusteak zeren, “auzo pobre bateko haur batek esfortzu handiz famatu izatea lortzen du” estiloko istorio gehiegi ikusi ditugu jada. Aita-semeen arteko harreman korapilatsua islatzen bai, ondo asmatzen du Yuli-k, baina istorioak, hala ere, oso garapen aurreikusgarria dauka.
Aita-semeen harreman gatazkatsua da Van Groeningenen filmaren ardatza.

Penaltia izan den edo ez jakiteko futbol partiduetan jartzen dituzten angelu ugaritako errepikapenen tankera hartu diot Felix Van Groeningenen Beautiful Boy filmari ere. Drogaz leporaino jartzeagatik bere bizitza hondatzen hasten den gaztearen eta haren aitaren arteko harreman zaila ardatz duen produkzio yankee honek, zeinak lehenbiziko aldiz erakutsi digun Amazon izena produktore gisa Sail Ofizialean, ez dauka gauza aipagarri askorik: problemak hasten diren momentutik dena ondo zihoan uneetara egindako flashback-en bidez igartzen saiatzen gara zerk huts egin duen familia horretan seme zaharrenak zainetan farmazia oso bat daramala bukatzeko; baina ez dago ezer.
Eta hori da agian filmaren mezua: drogomenpekotasunak kasu askotan ez daukala esplikaziorik eta gurasoak asko saiatu arren, batzuetan ezin zaiola adikzioa daukanari lagundu. Kontua da, hori esplikatzeko behin eta berriz ikusten dugula Timothée Chalamet aktoreak (Call Me by Your Name, Lady Bird) gorpuzten duen pertsonaia drogak utzi nahian eta, dena ondo doakiola dirudienean, berriz ere kakaren bat gorputzean sartzen. Eta klaro, puntu batetik aurrera, film honetatik desintoxikatzeko gogoa sartzen zaizu.
‘Rojo’ film argentinarra bitxia da, arraroa, durduzagarria.

Eta replay botoia sakatuta muntatu dituzten bi pelikula horien artean, bitxikeria bat, asteburuan Sail Ofizialak eman duen sorpresa atseginena beharbada: klasifikatzen zaila da Rojo, Benjamin Naishtatek lehiaketara ekarri duen filma.Deskolokatuta uzten zaitu hasierako eszenan (zeinak Quentin Tarantinoren filmak gogora ekar ditzakeen) eta gero tonuz aldatzen du, Argentinako probintzietako herri bateko giro arrarunoa erakusteko. 1970eko hamarkadaren erdialdean daude, Videlaren diktaduraren atarian, eta klima horrek, ia konturatu gabe, bizimodu normaleko jendea nola kutsatzen duen erakusten du.
Gehiegizko esplikazioetan erori gabe (Sail Ofizial honen gaitza izaten ari da momentuz), planteamendu freak samar batekin, Rojo-k pista batzuk ematen ditu milaka lagunen desagerketak bultzatu zituen erregimen hura zein humus sozialetatik hazi zen jakiteko. Eta ikusleak lerro artean irakurtzen baldin badaki, agian bere buruaren antza izan dezakeen norbait ikusiko du (El reino-n ez bezala, adibidez). Eta hori deserosoa da. Hori ez dizute sei aldiz errepikatu behar, buruan gera dakizun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA