Preso egon denaren gogoa espazio-ontzira itzultzen da beti

Gorka Bereziartua
0

Preso-ohien espazio-ontzi batean gertatzen da Claire Denisen filma.

Claire Denisen eta Isaki Lacuestaren filmak programan ikusita, gaurko eguna markatuta geneukan Sail Ofizialeko indartsuenetakoen artean. Eta, behingoagatik, aurreikuspenak bete dira: zuzendari paristarrak zientzia fikziozko lan batekin eta gironarrak dokumentalaren eta fikzioaren arteko mugak esploratzen dituen film batekin, emaitza konbentzigarriak utzi dituzte.

Space opera bat da Claire Denisen High Life, zeinean hainbat preso ohi diren protagonista. Espazioan bidaia luzea egiten ari dira, horrelako misio batean parte hartzea eskaini zietelako heriotzera edo bizi osorako kartzela zigorrera kondenatuak izan ostean. Baina badirudi espazio-ontzia ez dela inora iritsiko eta bidaia horretan murgilduta dauden pertsonen arteko tentsioak geroz eta agerikoagoak bihurtuko dira.
Juliette Binoche eta Robert Pattinsonen antzezpenek filmaren pisua banatzen duten pelikula berezi hau istorioaren linealtasuna hautsiz kontatuta dago, kronologikoki lehenbiziko eta bigarren parteak liratekeenak bata bestearen lekuan jarriz eta pertsonaien desio sexualean enfasia markatuz.
Interesgarria iruditu zait gaia nola dagoen planteatuta, pertsonaiek bizi dutena bezalako muturreko egoera batean, heriotza-pultsioari lotuta agertzen baitzaigu. Badirudi galdera existentzial bat planteatzen duela High Life-k: zergatik jarraitu bizitzen, plazera sentitzen, bizitza berriak sortzen, helbururik gabeko zentzugabekeria batean murgilduta baldin bazaude?
‘Entre dos aguas’, kartzelatik atera den gazte baten istorioa.

Preso ohia da Isaki Lacuestaren Entre dos aguas filmeko protagonista ere. Baina hor bukatzen dira kointzidentziak, estetika oso diferenteko pelikula ekarri baitu Donostiara 2011n Urrezko Maskorra irabazi zuen zuzendariak. Duela hamabi urte zuzendu zuen La leyenda del tiempo pelikularen jarraipentzat jo behar dugu lan berri hau, pelikula hartan agertzen zen Israel izeneko haurra baita berriz protagonista (gizon heldu bihurtuta, bistan denez). Kartzelatik atera berritan, bikoteak etxera ez itzultzeko esango dio protagonistari eta bere bizimodua bideratzen saiatuko da, lan arrunt bat bilatzen droga trapitxeatzen aritu beharrean.
Nolanahi ere, istorioa da gutxienekoa, pantailara nola eraman den baita puntua: ez dut uste pelikula honetan ikusi ditugun elkarrizketa gehienak gidoi batean horrela idatzita egon direnik, antzezpena ikusita pertsonaia horien benetako dialogoak baitirudite. Fikziozko film bat egiteko modu hori ez da berria, baina azkenaldian publiko zabalagoetara iristen ari dela dirudi, Carla Simonen Estiu 1993 bezalako filmeen arrakastak erakusten duenez.
Ildo horretan kokatuko nuke Entre dos aguas ere, salaketa esplizitura jotzen duen zinema sozialarekin konparatuta (Fernando León de Aranoa style), niri behintzat, egiatiagoa iruditzen zaidan joera batean: pertsonen arteko harremanak bere gordinean harrapatzen saiatzea, mezu jakin bat emateko misioa apaizentzat utziz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA