Zinemaldiaren azkenaurreko eguna da eta nabaritzen da amaierako konpasetan gaudela, azken filmak, azken kritikak, azken kafeak pelikula eta pelikula artean eta aurreko egunetan baino jende gutxiago, bai publikoarentzako emanaldietan, bai prentsakoetan, programazioa ere argalxeagoa baita gaur, film bakarra lehiaketan, Tuva Novotny zuzendari norvegiarraren Blind Spot, zeina oso amaiera ona iruditu zaidan Sail Ofizialarentzat, pelikula bat oso-osorik plano-sekuentzia bakarrean errodatzen den lehenbiziko aldia ez den arren (hor daude Alfred Hitchcocken Rope (1948) edo Alejandro G. Iñarrituren Birdman (2014), adibide klasiko eta garaikide bana aipatzeagatik), alegia, Tuva Novotnyk film honetan egin duena lehenago ikusia genuen arren, errespetua merezi baitu norbaitek horrelako balentria egiteko asmoa agertzeak berak, eta ikuslearen arretaren parte bat hasieratik irabazia daukala iruditzen zait; eta gainontzekoa ere, erakustaldi tekniko horretatik harago dagoena, irabazteko moduko lana dela istorio hau, zeinak kontatzen duen nola itzultzen den neska nerabe bat eskubaloi entrenamendutik etxera, zerbait jaten duen askaltzeko eta, dena normal-normal dagoela dirudienean, bere burua leihotik behera botatzen duen, horrek atzetik ekarriko duen guztiarekin, hau da, haren amaren korrikaldi desesperatua eskaileretan behera, anbulantzia, ospitalea, bizirik aterako ote den zalantza, eta, oraindik beroan, neskak hori zergatik egin duen ulertzen saiatzea, pertsonaien iraganean arakatuz eta suizidio saiakera baten atzean dauden inplikazio pertsonal eta sozialak mahai gainean jarriz, agian, bainaren bat jartzeagatik, teatralizatuegia izan daitekeen modu batean azken hori, zeren, dena esaten hasita, filmaren amaiera aldeko zati bat pixka bat erori zait, “esan” baino “erakutsi” egiten zuen pelikula bat ikusten aritzetik, esplikatibotxo jartzen hasi den ospitaleko eszena batera iritsi baikara, gehiegi iraun ez duena zorionez eta, atzetik ekarri duena bost bat minutuko taxi-bidaia bat, zeinean Pia Tjelta aktoreak ia hitz bakar bat esan gabe lortu duen emakumezko aktore onenaren sarirako hautagai sendoenetako bat bihurtzea, bide batez konfirmatuz Novotnyren izena aurrerantzean jarraitu beharreko zuzendarien zerrendan sartu behar dugula bai ala bai, izan ere, zure lehenbiziko filmean hau egiten ausartzen bazara, hurrengoa zer izango den ikusteko gogo handia jartzen duzu dagoeneko, baina ezin izango du Donostiako Zinemaldiaren edizio honetan izan, esan bezala, hau bukatzen ari baita eta bihar dagoeneko saridunen izenak jakingo ditugu, gustatuko zaizkigu batzuk eta gustatzen ez zaizkigunei buruz esango dugu erabaki instituzionalei eta ekonomikoei esker irabazi dutela, eta datorren urtera arte despedituko gara, baina lehenago geratzen zaizkigun beste pare bat artikulu bukatu beharko ditugu eta, hori baino lehenago, orain alegia, ahalegindu beharko dugu esaldi bakarreko kronika hau nolabait borobiltzen, adibidez esanez gasolina izerditzen ari garela punturik gabe eskribitzeko eta beraz, pentsatzeko zer izan behar duen pelikula osoa horrela planteatzeak eta endemas, efektu hori, segun eta ze ikuslerentzat, ia oharkabean pasatzeak, benetan zinemak gauza magikoak lortzen ditu batzuetan.
Urrezko Maskorra lortzeko lehia nola bukatu den, plano-sekuentzian kontatua
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
Zure testua ere plano sekuentzia bakarra da. Ona!