Azaroaren 3an San Mameseko zelaira salto egin aurretik, MTVk dagoeneko sartu du lehen gola Bilbon. Ostegunean iragarri dutenez, Berri Txarrak taldeak joko du katearen Europe Music Awards ekitaldiaren aurretik Athletic-en estadioan antolatu duten kontzertuan, Muse eta Crystal Fightersekin batera.
Eta aitortu behar da jokaldia oso azkarra dela MTVren ebentoa bultzatzen ari diren agente instituzionalen aldetik: makroekitaldiarekin kritiko agertu dira Bilboko hainbat mugimendu eta eragile bat ere sortu da (Piztu Bilbo, itzali MTV), salatzeko mota honetako ekitaldiak diru publikoz bultzatuz hiria merkantilizatzen ari direla erakundeak. Horrekin batera, bestelako Bilbo baten alde egiteko martxan jarri dira, “hiri bat non argazkietan agertzeko manikiak ordez, geure egunerokotasunaren protagonistak izan gaitezkeen”, erreportaje honetan esplikatu zutenez.
Kritikotasun hori konpartitu dezaketen asko, segur aski, Berri Txarrak taldearen zale dira eta momentu honetan galdera bat edukiko dute buruan, gutxi gorabehera “zure gurasoetatik zein maite duzu gehiago?” bezain konplikatua: Berri Txarrakekin kontzertuan “zuek segitu rock’n’rolla salbatzen” kantatzera joan ala herri mugimenduarekin bat eginda Dead Kennedysen klasikoetara itzuli, “MTV antenatik at!” oihukatuz.
Bilboko ekitaldi konkretu honetatik harago, osteguneko albisteak erakusten du azken urteetan euskal kulturan geroz eta gehiago gertatzen ari den fenomeno bat: hein handi batean instituzioen eta merkatuaren legeen premisen kontra garatu zen ekosisteman orain lorpentzat jotzen da establishmentaren ekitaldietan euskaraz lan egiten duten artistak egotea.
Ez ote den, ordea, porrot ikaragarri baten sintoma. Unai Oñederrak bere blogean esplikatu zuen moduan, botere-talde batek hegemoniko izateko bi pauso ematen ditu: lehenbizi, arerioa garaitu; gero, bere terrenora ekarri. Kultura beti da lubrikatzaile ona bigarren urrats hori emateko.
Post Scriptum: Artikulu hau publikatu ondorengo Twitter-elkarrizketan aipatu didate Berri Txarraken kontua mezu gogorrak jasotzen ari dela MTVren ekitaldian jotzeagatik. Goiko testua ondo irakurri duenak ulertuko zuen moduan, taldearen erabakiarekin ez sartzen ahalegindu naiz, uste baitut Bilbon Europe Music Awardsen harira antolatu dituzten ekitaldien gaian gutxienekoa hori dela, problema estrukturala delako eta eman beharreko erantzunak eztabaida eraikitzaileak eskatzen ditu, ez epaiketak.
Post Scriptum 2: Gai honen harira, gomendagarria iruditu zait Hala Bedi irratiko No Hay Pasado programakoek idatzi duten artikulua.
11 Iruzkin
Ez nago bat ere ez honekin ados. Oso jokabide erraza da Dead Kennedysen abestia aipatzea, baina ez gogoratzea, edo zalantzan jartzea hori sekulako publizitate kanpaina izan litzakeela kate horren mesederako.
Euskal kulturarentzako eta gizartearen mesederako zer den ona eta zer ez esan behar didatenek aspalditik aspertzen naute.
Futbolla bai, FB bai, Spotify bai, Musen kontzertu bat bai, baina MTV bada ez.
Ez nago bat ere ados.
Mezudun rock taldeak dira, ez dira prefabrikatutako ezer. MTV, Spotify edo Youtube moduko kanala da, Last Tour bezalako beste empresa bat.
Aspalditik jarraitzen dut komunikabide hau, baina honelako iritziek jada nekatzen naute.
Aupa Iñaki, mila esker zure iruzkinarengatik.
Gauzak plano konstruktiboago batera eraman nahi nituzke, baina horretarako eskertuko nizuke gehiago zehaztea artikuluko zerekin ez zauden ados, izan ere, zure erantzunean aipatzen duzunetik ezer ez dut nik idatzi. Artikuluak ez dio Berri Txarrak mezudun taldea ez denik, ezta prefabrikatutako zerbait dela, ez baitut hori pentsatzen.
Bestalde, ez da nire asmoa euskal kulturarentzat edo gizartearentzat zer den ona zuri esatea. Baina iritziak elkartrukatzea ona izango da ba? Pertsonalki, kezkatzen nau San Mamesekoa bezalako makroekitaldiek bultzatzen duten gizarte ereduak; baina kezkatik harago, eredu horren kontra dagoen jendea ere badago eta antolatuta gainera. Artikulu honekin erreflejatu nahi nuen bakarra zen, Berri Txarrakek MTVren kontzertuan jotzeak zer egoera eragin dezakeen testuinguru horretan.
Bide batez, “Spotify bai” ere, ez dut uste blog hoenetan irakurri duzunik, begiratu besterik ez duzu aste honetan idatzitakoa: https://www.argia.eus/blogak/boligrafo-gorria/2018/10/16/spotify-rekin-bukatu-zen-musika-deskubritzeko-gogoa-edo-ia/
Esan bezala, eskerrik asko zure iritzia emategatik.
Arratsalde on, Gorka.
Argi eta garbi erakusten du artikulu honek Berri Txarraken erabakiarekiko kritikoa dela, izenburutik hasita. Oso erraza da “hau txarto dago esatea, beste hau ondo”, hitzek eman ahal duten erosotasunetik.
Zergaitik ez dugu hausnartzen kontzertu honek ekarri ahal lituzkeen gauza positiboei buruz? GAZTETXE eta erakunde herrikoi autogestionatuetan jotzen duen EUSKARAzko NAFAR talde bat, bere letrak sakonak eta kritikoak dituena, 32.000 pertsonen aurrean jotzen Bilbon, Euskal Herrian, Muse eta Crystal Fighters moduko taldetzarrekin batera?
Bide batez gogorarazi nahi dut iritzi artikulu hau FB plataformatik ezagutarazi dela, besteak beste. MTVrena jokaldi/garaipen bat izan bada, artikulu honen arrakastaren parte baten arrazoia FBena izan da, beraz hori ere gizarte yankee kapitalistaren beste garaipen txiki bat izango litzateke.
Spotifyrenari buruz, usteak erdi ustel, zure artikulua aurretik irakurrita nuen.
Ez da “spotify bai”, “spotify ez” irakurtzen dudan beste artikulua.
Besterik gabe,
*spotify ez urakurtzen dudan LEHEN artikulua esan nahi nuen.
Aupa Iñaki, mila esker erantzuteagatik.
Diozunez, izenburutik hasita nabari da artikulua BTX-en erabakiarekin kritikoa dela. Batetik, bi gauza diferente dira kritikoa izatea eta kontra egotea. Kritikoa gauza guztiekin izan beharra dagoela uste dut, baina ez nago horregatik gauza guztien kontra. Baina gainera, ur horietan ez sartzen saiatu naiz, ez baitut uste inor naizenik besteen erabakiak epaitzeko.
Izenburuak dio “MTV-ren gola San Mamesen: garaitu eta zurera ekarri”. Ikusiko duzun moduan, ez du Berri Txarrak aipatzen, MTVren ekitaldia bultzatzen ari direnen jokaldian zentratu nahi nuelako. Bilbon ekitaldi hori iragarri zutenetik ari gara jarraitzen herritarren artean sortu duen eztabaida, nire ustez oso aberasgarria izaten ari dena tamaina horretako ekitaldi kulturalek hiriko biztanleengan duten inpaktua ikusteko (maila askotakoa izan daitekeena: arlo kultural hutsetik hirigintzara, jendearen bizi-baldintzetatik pasaz). Eta jarraipen horren barruan, euskarazko rock talde garrantzitsuenak MTVren ekitaldian jotzea periodistikoki aztertu beharreko gaia dela uste dudalako idatzi dut.
Horregatik, eskertuko nizuke testuak dioen gauzetan oinarritzea erantzutean eta ez jartzea nire ahotan esan ez dudan zerbait, bestela asko narrasten baita eztabaida eta ez dut uste merezi duenik.
Artikulu honi buruz eztabaidatzen beste lagun bati esan diodan moduan, horrelako zerbait idazten dudan bakoitzean erantzun zorrotada bat jasotzen dut premisa batetik abiatzen direnak: “X-en aurka” idatzi dudala. Eta ez da hala. Segur aski gutxi debatitzen dugu kulturaren inguruan, beste gai batzuekin konparatuta (politika, gizartea…) baina niri gustatuko litzaidake gauza hauetaz debatitu ahal izatea, eta debatitzea ona/txarra edo alde/kontra eskemetatik harago.
Bide batez, Spotify-ri buruzkoa irakurrita iruditu bazitzaizun nire iritzia streaming plataforma horren aldekoa zela, errespetu guztiarekin, uste dut ez zenuela konprenitu. Gure musika entzuteko moduan izan duen eragina esplikatzen saiatu nintzen, zertan aldatu den nire ustez egoera horrelakoak dauzkagunetik, diskoak deskargatzen genituen garaiarekin konparatuta.
Ondo segi!
[…] polémica está servida, y como bien titulaba argia.eus en su reciente artículo, la actuación de Berri Txarrak en la semana de la MTV ha supuesto un gol […]
Ezbairik gabe kalapita ekarriko du gai honek. Gogoratu behar da ere transgresibotzat hartu ohi diren hainbat taldek, jo dutela MTV-rentzako, orain burura etortzen zaidan bat Nirvana (MTV Unplugged diskoa adbide). “Koherentea naiz nire kontraesanekin” argi dago, altsa dezala eskua inoiz kontraesanetan erori ez denak. Musika taldeko idoloak (ez futbolariak …), ez dira eredu gorena izan behar bizitzako esparru guztietan “bai gehienez ere nire jainko ateoa naiz”. Eta ez naiz erabaki honen aldekoa, baina talde honek gure kulturari egin dioen ekarpena sekulakoa dela iruditzen zait. BEC betetzeko gai izanda, asko busti dira herri borroketan eta horren adibide bat Kortxoenea gaztetxean musutruk jo zuten kontzertua …
Igual DKen mouko sorpresia emongo debe jja…
Zurrunbilo galantan sartuta dao kultura, kasi edozer irensteko kapaz
“Pertsonalki, kezkatzen nau San Mamesekoa bezalako makroekitaldiek bultzatzen duten gizarte ereduak.”
Eredu horretan Berri Txarrak moduko talde batek parte hartuko balu, zergaitik ez? Esan behar dut kritiko agertzen diren eragileen iritziekin ez naizela arduratu oraindik. Hala ere, horrelako ekitaldietan BTX moduko taldeen parte hartzeak ez nau batere kezkatzen. Alderantziz, BTXeko mezua zabaltzeko aukera bat da.
“botere-talde batek hegemoniko izateko bi pauso ematen ditu: lehenbizi, arerioa garaitu; gero, bere terrenora ekarri.”
Kasu honetan, arerioa BTX bere terrenora erakartzekotan, taldeko kideak CocaCola-ko kamisetekin agertu beharko dira, Britney Spears-eko bertsio bat abestu eta bukatzerakoan, Estatu Batuetaeko ereserkia negarrez blai abestu beharko dute.
Ez dut uste horrelakorik ikusiko dugunik. Ordea, zihurrenik, Gorkaren amplifikadorean UPN-ko leloa buruz behera ikusteko aukera egongo da mundu osoan zehar.
Aupa Xiantxu, mila esker zure iruzkinarengatik.
Azken bi parrafoetan diozunaren harira, botereak oposizioa bere terrenora eramateko moduak askoz sotilagoak dira aspalditik nire ustez. H&M-k edo Zarak Che Guevararen kamiseta bat saltzen badu, iraulzaren aldeko mezua zabaltzen ari da? Hor dago puntua nire ustez.
Ez dakit Berri Txarraken mezuak formato horren barruan izango duen oihartzunak lagunduko ote dion zabaldu nahi duen horri, edo hain justu hura desaktibatzeko balioko duen. Konbentzituta nagoena da, taldea gertuago dagoela ideologikoki MTVren ekitaldi honen aurka antolatzen hasi diren pertsonetatik, hura antolatu duten agintarietatik baino.
Iruditzen zait egoera arraro eta deseroso bat sortzen duela honek, bai taldearentzat, bai zaleentzat, bai mugimendu sozialarentzat. Ez, ordea, Bilbo merkantilizatzearen alde ari diren eragileentzat.
“Denbora da boligrafo bakarra, eta hala izatekotan berde kolorekoa izan dadila” dio txantxa gisa lagun batek. BTX-k aukera horri muzin egitari akats galanta dela deritzot. Muse eta Cristal Fighters bezalako taldetzarrekin aritzea sekulakoa bait da. MTV-k ez du inongo golik sartu, EAJk bai, ordea. Duela gutxi rugby-a zela eta antolatutako Champions finala bezala, entsaio ederra egin eta nahiz eta desastrea izan, haiek eta haien eredua garaile. Ados artikuluan azaleratutako gehienarekin. Ez, ordea, euskal kulturan azkenaldian gertatzen ari den fenomenoaz. HBIko No Hay Pasado irratsaioko artikuluaren harira, instituzio eta merkatu legeen kontran jaiotako ekosistema horren osasun egoera nolakoa da? Zein da bere eragina? Zer nolako gaitasuna du egun erreferente indartsua izateko? Zer faktorek oztopatzen dute hala izan dadin? MTV Bilbora etorri aurretik ere euskal kulturan eta bereziki musikagintzan gertatzen ari direnak zoratzeko modukoak izan eta izaten ari dira. Nik behintzat ez dut ahaleginik egin behar izan BTXk San Mamesen jotzeko aferan, bejondeiela!! Apoak eta JP Lohianek aspaldi kantatutakoa dut memorian iltzatuta: “Ni ere bertan bizi naiz,
kontraesanen oasian,
zalantzen basamortuan…Ni ere jaio ta hilko naiz
nire kontraesanekin.” Eta segi dezagun lasai eszena indartzen, zuzenekoetara joaten, gaztetxe, taberna zein areto txikietako kontzertuekin gozatzen; kultur ereduak, mainstream vs underground eta herri musikaz eztabaidatzen, hausnartzen eta hitz egiten dugun bitartean, eta batez ere segi dezagun musika entzuten Gaztea, Radio3, 3kortxea edo Spotify bidez bada ere.