Montauk taldearen ‘Geruzak’ diskoa: negu hau ez dadila joan

Gorka Bereziartua
0

Aitor Garcia de Vicuña (gitarrak eta sinteak), Gorka Etxebarria (bateria eta bibrafonoa), Urko Urzelai (baxua) eta Beñat Goitia (ahots eta gitarrak) dira Montauk taldeko partaideak.

Ezin esan Montauk taldeak harritu gaituenik. Zentzu positiboan: taldearen lehenbiziko diskoa entzun zuenak (Bilaketan, 2016) ondo zekien gasteiztar hauek badutela zerbait.
Eta iristen da lan berria zirkulazioan jartzen hasteko unea, aukeratzen dute Itzali da Berlin aurrerapen kanta gisa, eta entzule hau behintzat, lehenbiziko entzunaldian harrapatzen du abestiaren iparreko atmosferak, elementu minimalekin osatzen doan giroak, hasierako intimismotik abiatuta hartzen duen erritmoak, dantza nostalgiko batera gonbidatzen zaituena Libe Garcia de Kortazarren ahotsak lagunduta. Pieza borobila, Slowdiveren soinua gogora ekartzen duena.
Noski, horren ondoren Geruzak disko berria osorik entzuteko gogoz geratzen zara.

Eta iristen da: zazpi kantako lan bat, aurrekoaren aldean trinkoagoa dirudiena, disko osoak eduki behar zuen tonua argi daukan talde baten emaitza. Garapen luzeak dira Montauken etxeko marka, Geruzak-eko kanta pare bat besterik ez daude bost minututik behera. Hartzak hotzez hiltzen da horietako bat, diskoa irekitzen duena eta tempo geldoetatik abiatuz amaiera indartsurantz eramaten zaituena.
 
Bi horiek dira lehen entzunaldietan deigarrienak egiten direnak agian, baina diskoak ez dauka alferrik daukan titulua. Iruditzen zait bueltak eman ahala apreziatzen dela benetan taldeak moldaketetan hartu duen lana, ñabarduretan arreta handiagoa jartzeko aukera ematen duela; eta lehenbiziko entzunaldietan hainbeste nabarmentzen ez diren piezek (Munduaren alde honetan edo Garaitu nazazun adibidez), beste dimentsio bat hartzen dutela.
Udazken-negu honetako uztan nabarmentzea merezi duen lana publikatu du Montauk-ek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA