Zer egin Hitlerrekin meme digitalen garaian (Bruno Ganz hil dela-eta)

Gorka Bereziartua
0

Bruno Ganzen antzezpen famatuena izan zen segur aski ‘Der Untergang’ filmekoa.

Antzezpena apartekoa zen, uste dut mundu guztia egon zela ados: 2004an Der Untergang (Hondoratzea) filmean Adolf Hitlerren larruan sartu zenean, Bruno Ganzek goia jo zuen. Baita polemika eragin ere, pelikulak lider naziaren azken egunak erakusten baitzituen Berlingo bunker batetik ia atera gabe, zaharkitua, bere onetik aterea, amildua, lider sendo gisa agertu nahi eta ezin, sortu gura izan zuen inperioa pikutara joaten ari zelako bere azken maniobra militar inpotenteak gorabehera. Hitler domestiko bat bihurtua Ganz. Hitler humano bat.

Barkabera izan gabe –pelikulak ez baitu nazismoaren gramo bakar bat ere zuritzen–, gizatasuna azpimarratzen duen erretratu horrek pitzatu egiten du hedabideek eta zinemak azken mende erdian diktadore alemaniarrari buruz eraiki duten kontakizuna, gutxi gorabehera gaizkiaren pertsonifikazio goren eta kasik bakarra bihurtu duena eta nazismoa fenomeno isolatu gisa aurkeztu, II. Mundu Gerraren ondoren iraun duten tendentzietatik bereizita.

Hitler fikzionatu daiteke noski –lehenago ere beste askok egina zuten–, baina errepresentazio-erregimen zorrotz baten arauak bete behar dira kontuak debaterik eragin ez dezan: Ganzek ñabardurarik gabeko deabru bat antzeztu izan balu, ez zen eztabaidarik izango; ezta parodia chaplindar bat egin izan balu ere, lasaigarria egiten baitzaigu XX. mendeko Europak ekoiztu duen produktu humano ankerrenetariko bat kaiolatuta ikustea aurreikusteko moduko ezaugarri batzuen barruan. Segurtasun-distantzia bat ematen digu, kontrol sentsazioa. Baina, era berean, gauzak asko konplikatzen ditu, asuntoa bada ulertzea nola iritsi zen Hitler izan zena izatera.

Estereotipoak gauza praktikoak izan daitezke batzuetan, baina arteak harago joan daitezke, arteek urrunago joan behar lukete, eraikitako errealitateak marko bat daukala erakutsi eta, ahal bada, haren ertzak bilatu. Errepresentagarria denaren mugak esploratu. Neurri batean behintzat, Der Untergang-ek lortzen zuen hori, Hitlerren aurarik gabeko mediokritatean eta arrunkerian azpimarra jarriz eta zure buruari egin nahi ez diozun galdera bat planteatzeko posibilitatea eskainiz: zertan naiz antzekoa pantailan agertzen den gizon horrekin?

Joan den larunbatean hil zen Bruno Ganz eta notizia askotan gogoratu da Oliver Hirschbiegelek zuzendutako pelikula horretan egin zuen lana. Ez dira gutxiago izan, ordea, filmeko eszena konkretu batetik abiatuta azken urteetan sare sozialetan egin diren memeak gogora ekarri dituztenak, Der Untergang inoiz ikusiko ez duten milaka lagunek Youtubeko kapsulengatik ezagutzen baitute aktorea. Alemanezko jatorrizko bertsioan entzun dute oihuka, aktualitateko gairen batekin lotutako azpitituluz lagunduta, kontsumo azkarreko umore digitalaren topiko bihurtuta.

Eszena hau, azpitituluak aldatuta, maiz erabili izan da bideo parodikoak egiteko.

Meme horien mekanismoa situazionistek hain gustukoak zituzten détournement-en berdintsua da: testuinguru diferenteetako osagaiak elkarrizketan jarri, kasu honetan irudiak eta azpitituluetako hitzak, osagai bakoitzak bere kabuz sortuko ez lukeen efektu bat lortzeko, konbentzionalismoarekin puskatzen duen zerbait, adierazleen mutazio kreatiboa.
Baina Guy Debordek eta konpainiak mota horretako esperimentuak proposatzen zituzten, hain zuzen, ohiko formen bidez errepresentagarria zena baino harago joateko asmoz. Helburua sistemak ekoiztutako imajinarioa gainditzea zen, haren diskurtsoa hackeatuz nolabait esateko. Eta antzeko mekanismoak erabili arren, Hitlerren eszenaren remix digitalek justu kontrakoa egiten dutela iruditzen zait, konbentzionalismo berri bat sortzen dutela, ikusleari ukatuz agerikoa denetik harago joateko aukera –pentsatzeko aukera bera–. Ez dute gaitasun subertsiborik, eragin dezaketen sorpresa bigarren ikustalditik aurrera agortuta dago eta Naomi Kleinek No logo liburuan zioena baieztatzen da: marra oso fina da détournement-aren iraultzatik ezarritako ordenak egin dezakeen errekuperazio sinbolikora.
Ganzek protagonizatutako eszena horrekin egin diren moldaketek sistemaren logikara makurtzen dute zerbait gehiago esatera iritsi zen antzezpena, historiako gaizto totala loser bat bihurtuta erakustea baita oinarrizko premisa. Galtzailearen figuraz egiten da barre, ez hainbeste hark ordezkatzen duen proiektu politiko totalitarioaz. Eta beraz, Hitlerren paperean nor jartzen den guztiz aleatorioa da: VOXen inguruko norbaitek –Voxista? Voxer? Vox-bunny? Nola deitzen zaie?– jar dezake independentista bat edo komunista bat Hitlerren paperean eta muntaiak berdin funtzionatzen du.
Eztabaidetan argudiatu ordez “zapla” bat bestearen atzetik botatzea bezala da: kultura biralean berehalakotasun-sentsazioak gehiago balio du beste ezerk baino. Zineko eszena batek balio du harekin egin daitezkeen bertsio parodikoak adina. Mundu digitalak birringailu erraldoi bat dirudi, aurretik existitu den guztia irensten eta txiki-txiki eginda uzten. Aktore bikain bat jan berri du: txiste txar baten hondakina geratuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA