Javier Ortiz, kazetari baten talentua eta ofizioa

Gorka Bereziartua
0

Javier Ortiz kazetaria hil zenetik 10 urte bete dira.

Izan zen militante antifrankista, izan zen Espainiako alderdi komunistarekin kritikoa, eta batez ere, izan zen hasiera-hasieratik kazetaria. Baina kazetariak asko gaude, gehiegi akaso. Arrain hau bezalako kazetari eztenkari, kritiko, umoretsu, erretxinak, esku batekin konta ditzakezu: ez zen inorekin ezkontzen, agian horregatik hasi zen argitalpen klandestinoetan eta bukatu zuen blog batean. Baina bazen heterodoxoa ere, ezkertiar bat El Mundo-n. Bazeukan luma estilotsu bat. Eta izan zen jarrera etiko batetik idatzi zuen tipo bat: torturari buruzko bere testuek erakusten dute, ETAren atentatuez idatzi zituenek bezainbeste. Javier Ortiz kazetari donostiarra oso pertsonaia interesgarria zen.

2000. urtean Pedro J. Ramírezen egunkaria utzi zuen. Sorreratik aritua zen Espainiako kazeta horretan, iritzi saileko arduradun gisa besteak beste; baita, noski, zutabegile gisa ere; eta egunkaria utzi ondoren ere jarraituko zuen orri horietan agertzen, baina irakurleekin beste mota bateko harremana nahi zuen eta hori lortze aldera, web bat jarri zuen martxan, non Diario de un resentido social izenburupean (Erretxin sozial baten egunerokoa) nahi zuen guztietan argitaratzen zituen apunteak –eta askotan nahi izaten zuen–.
Oraindik “blog” izena ere ezagutzen ez zuen atari digital horri esker gurutzatu ziren Ortizen bidea eta Mikel Iturriarena. “Ortiz, onena haiz!” zioen e-mail bat bidali zion Iturriak, artean internetera iritsi berria zenean. Kazetariarenganako miresmenak abiatu zuen mezu-elkartrukeak Ortizen heriotza arte iraungo zuen eta tratu horren ondorio dira, besteak beste, Iturriaren blogaren gaztelaniazko bertsioa –euskaraz ez dakiten zure lagunei gomendatzea merezi du, portzierto– edo Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako epaiketari buruz informatzeko Ortizen webgunean martxan jarritako “Juicio a Egunkaria”.
2009ko apirilaren 28an hil zen Ortiz. Zutabegile irudimentsua, prentsako animalia: bere obituarioa idatzita utzi zuen. Badago egoten dakien jendea. Badago joaten ere badakien jendea.
Aurten hamar urte bete dira, hortaz, hil zenetik eta efemeridearekin bat eginez, haren zutabeen bilduma argitaratu du Foca argitaletxeak: Javier Ortiz: talento y oficio de un periodista (Javier Ortiz: kazetari baten talentu eta ofizioa). Mikel Iturriak lan handia egin du kazetariaren produkzio periodistiko amaigabean murgildu, irakurri, sailkatu eta bolumen honetan jaso diren testuak hautatzeko –lan handi bat gehiago, izan ere, Ortiz Jamaikara joan zenetik haren webgunea berritzen ere jarraitu du, zutabeak erreskatatuz eta zirkulazioan jarriz–.
Batzuk heroinara engantxatzen dira eta ondorioak tamalgarriak dira haientzat eta ingurukoentzat. Kazetaritzaren asunto honetara engantxatuta gaudenok pixka bat hobeto daramagu –nahiz eta gure ingurukoei kasu eginez gero, gu aguantatzea ere ez den munduko gauzarik errazena–, eta mota honetako materiala pasatzen digutenean gure adikzioaren zergatia errebelatzen zaigu: berdin du zein orrialdetan irekitzen duzun liburua, irakurtzen jarraitzen duzu, gehiago eskatzen dizu gorputzak.
Momentu bakoitzaren beroan idatzitako artikuluak dira eta, hala ere, 25 urte geroago, harrigarriki aktualak. Agian zetorrenari aurrea hartzen ziolako Ortizek. Agian espero genuena baino gutxiago ari garelako aurreratzen gizarte gisa. Segur aski falta zaigu 2008ko testu batean esplikatzen zuen jokatzeko modu hori gehiagotan praktikan jartzea: “Garrantzitsuena arrazoitzea da, hau da, besteak ere arrazoitzera animatzea. Hor zaude zu eta esaten duzu gauzak nola ikusten dituzun besteek ere gauza bera egin dezaten, eta horrela saiatzen gara aklaratzen saiatzen”.
Hori bezain erraza, hori bezain zaila.
Ostiral honetan aurkeztuko dute liburua Egiako Kultur Etxean 19:00etatik aurrera. Mikel Iturriarekin batera David Fernandez (kazetaria eta CUPeko parlamentari ohia) eta Garbiñe Biurrun (epailea) izango dira aurkezpenean –testu bana idatzi dute liburuan, baita Donostiara etortzerik izango ez duen Isaac Rosa idazleak ere–.
Liburuaren aurkezpena Ortizen omenezko asteburu baten lehen ekitaldia izango da. Biharamunean (maiatzak 11, larunbata) torturari buruzko mahai ingurua antolatu dute Egiako kultur etxean bertan: Dani Alvarezek gidatuta, Paco Etxeberria, Laura Pego eta Jorge del Cura ariko dira solasean. Larunbat arratsean berriz, Ortizek idatzitako antzezlan bat jokatuko dute Egiako Gazteszenan: Jose K. torturado, Moma Teatro taldeak taularatuko duen obra, zeinean Ortizek gogoeta bat proposatu nahi izan zuen torturari buruz eta hura onartzen duen gizarte baten muga etiko lausoez.
Duela hamar urtetik falta den arren, haren lagunei esker oso presente jarraitzen duen prentsalaria da Ortiz. Aukerarik baduzue, ez galdu asteburu honetan antolatu dituzten ekitaldiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA