“Batzuetan gertatzen da, film bat amaitzen den lekuan segitzen duela hurrengoak, programatzaileek edo zoriak Zinemaldiko film guztiak josita metafilm erraldoi bakar bat egin nahi izan balute bezala”. Harkaitz Canok atzoko zutabean idatzitako esaldi horri bueltaka nabil, lehiaketa ofizialaren barruko azken pelikula ikusi dugun egun honetan. Metafilm erraldoi bakar bat: gutako askoren buruan hori bihurtu da dagoeneko joan den ostiraletik ikusi dugun guztia. Eta ez derrigorrez film batzuek besteekin loturak dauzkatelako; memoriak, edizio-gela kaotiko horrek, aliritzira aukeratzen du bakoitzetik txatalen bat eta besteekin lotu, collage kubista ulertezin bat osatzen joateko.
Rocks filmeko eszena batean ere, Picasso nor izan zen ikasten ari diren institutuko neskak ikusten ditugu argazkiak mozten eta zatiak itsasten, esperimentatzen, helduak direnean edukiko duten bizitzari formaren bat eman nahian bezala; edo bizi duten egunerokotasun fragmentatuaren ispilua izan daitekeen artelana sortzen. Langile klaseko gazteen istorioa da Sarah Gavron zuzendariaren filma.
Metafilm erraldoia: atzo ikusi genuen La hija de un ladrónen oihartzunen bat etorri zait filma ikusi bitartean, Rocksen ere behar baino goizago heldu bihurtu behar izan duen neska bat ikusten dugulako anaia txikiaren ardura hartzen, amak etxetik alde egiten duenean. Langile auzoetako blokeak, uniforme bera jantzi arren jatorri oso desberdinetakoak diren ikaskideak, nerabezarokoak bakarrik ez diren arazoak. Metafilm erraldoia: pelikula honetako protagonistak dantzan ikustean edo beti eskura daukaten telefono mugikorrarekin bideoak grabatzen, Pacificadoko faveletan zebilen neska hura ere gogora etortzen zaizu ezinbestean. Rio de Janeiro, Londres, Bartzelona: bazterreko auzo global bera, porlanezko baso mundializatu bat; eta inoiz amaitzen ez diren kale horietan beraien guraso galduen bila ari diren Hansel eta Grettel garaikideak.
Ken Loachen kutsu nabarmena dauka Gavronen pelikula honek. Pertsonaien egoera gordina ezkutatu gabe, eta kontzientzia lasaigarri gisa funtzionatu dezaketen erromantizazioei ihes eginez, esperantzari zirrikituren bat irekitzen saiatzen da, abandonu latz baten istorioa dena laguntasunari eta elkartasunari buruzko pelikula bihurtuz. Horri esker ikusleak arnasa hartu dezake Rocksen, Zinemaldiko auzo berean ikusi ditugun beste pelikuletan hain erraza ez zen zerbait, alegia. Eta nik behintzat, eskertu egiten dut mota honetako filmetan hori ere ikustea, badagoelako zinema sozial mota bat langile klaseko pertsonaien biktimizaziorantz jotzen duena, beraien bizitzen inguruan eragiteko inolako gaitasunik izango ez balute bezala.
Amaiera ona eman dio lehiaketari pelikula britainiar honek eta, egun hauetako pelikula guztiak irentsi dituzten zenbait ofiziokidek ez bezala, uste dut Sail Ofizial nahiko txukuna ikusi dugula aurten, akaso gehiegi nabarmendu den pelikularik eduki gabe, batez besteko maila duina eman duena. Kinielak egiten pasako dugu ostirala eta horretarako, film guztiekin buruan daukagun anabasa deskorapilatu beharko dugu, ez baitut uste epaimahaia metafilm erraldoiari sari guztiak ematera ausartuko denik.