Periferiako auzoak, euskal zuzendariak eta emakume begiradak

Gorka Bereziartua
0

Aitor Arregi, atzean Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño dituela, Zinemaldiaren amaierako galan Zilarrezko Maskorra eskuan.

Bi irabazle garbi eta zenbait tendentzia utzi ditu Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioko palmares ofizialak: Pacificado film brasildarrak ikusi genuenean aurreikus zitekeena baino sari handiagoak besapean hartuta egingo du etxerako bidea, Urrezko Maskorraz gain gizonezko aktore onenaren saria eta argazki onenarena ere eraman dituelako. Kutsu sozialeko zinemak aurreko edizioetan baino pisu handiagoa izan du 2019ko honetan, baina ikusle honi zalantza geratzen zaio Paxton Wintersen filma izan ote zen ildo horretako pelikulen artean gehien nabarmentzea merezi zuen alea. Mano de obra film mexikarrak, bere xumean, borobilagoa zirudien; baita La hija de un ladrón-ek bere gordinean ere; Rocks ahaztu gabe, pertsonalki iruditu baitzait ekoizpen britainiar hori izan dela langile-klaseko pertsonaiak protagonista zituztenen artean distira handienekoa.

Etxekoak izan dira aurtengo beste irabazle nagusiak, Sail Ofizialera ekarri duten filma Andaluzian girotuta eta gaztelaniaz errodatuta dagoen arren: Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak La trinchera infinita-rekin berretsi dute sasoi onean daudela eta gai direla zineman hainbestetan ikusi dugun gai bati, 1936ko Gerra Zibilari, ezohiko leku batetik begiratzeko. Zuzendaritza eta gidoi onenaren sariez gain, euskal zinemarena ere irabazi dute eta Urrezko Maskorra lortu izan balute ere, ez dut uste inor harrituko zenik. Nola aldatu diren gauzak: duela bost urte euskal zuzendari batek sinatutako pelikularen bat Zinemaldiko lehiaketan sartzea bera zen notizia; langa hori gainditu izana Moriarti etxekoen meritua da neurri handi batean.
Film zehatzetatik harago, aurtengo Sail Ofiziala emakumezko aktoreena izan da. Hainbeste, ezen kategoria horretan bi Zilarrezko Maskor banatu behar izan dituzten: Greta Fernandezek eta Nina Hossek askoren arreta deitu dute, Bartzelonako periferiako auzoetan biziraun nahian ari den ama gazte baten eta biolin irakasle frustratu baten larruan sartuta. Kontsentsu orokorra lortu duen saririk bada, hau izan dela esango nuke.
Ez da aktoreen lan onera mugatzen den zerbait, gainera. Begiratu epaimahaiaren sari bereziari ere: Proxima astronautei buruzko pelikula da, baina irakurketa feminista nabarmena daukan lana izateak bihurtzen du berezi. Edo begiratu saririk gabe geratu arren, lehiaketan ikusi ditugun beste pelikula batzuei: Vendrá la muerte y tendrá tus ojos argentinarrak lesbiana bikote bat du protagonista eta zaintzak, afektuek, kontakizun publikotik kanpo geratu izan diren gauza horiek hartzen dute protagonismoa. Huts egiten duen filma izan arren, The Other Lamb-ek ere patriarkatuaren aurkako alegatua izan nahi du. Laburbilduz, emakume begirada nabarmenago ikusi dugu azken urteekin konparatuta.
Langile-klaseko protagonistak dituzten istorioak, euskal zuzendarien lanak, betaurreko moredun filmak… Zinemaldiak gauza kritikagarri asko izango ditu eta beti egongo da zer hobetua, noski. Baina aurtengo edizioaren ondoren festibalaren kontra jardun nahi duenak, aurrena pintzel fin-fin bat erosi beharko du, orain arte erabili duen brotxa lodiak programazio honen aurrean ez baitu balio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA