Yannick Bellon Hego Euskal Herrian jaio izan balitz, segur aski gutako askorentzat izen ezagunagoa izango zen. Baina Biarritzen jaio zen eta ibilbide zinematografiko osoa Frantziako Estatuan egin zuen 2019an hil zen arte. Egia da Hegoaldean izan zuela errekonozimendurik, 1974an Donostiako Zinemaldian La Femme de Jean pelikulari esker jaso zuen Zilarrezko Maskorra, adibidez . Baina konpara ezazu zuzendari honen lanak gaur goizera arte euskaldunen imajinario kolektiboan daukan lekua eta meritu askoz eskasagoak egin arren, Espainietan ibili direlako, gure esparru kultural ofizialak laudatu dituen zinegileak: barre egiteko modukoa litzateke, negar egitekoa ez balitz.
Aurreko esaldiko “gaur goizera arte” hori ez da debaldekoa ordea. Izan ere, Bertrand Tavernierren pelikularen izenburua parafraseatuz, gaur has daiteke dena: Euskadiko Filmategiak Belloni eskainitako ziklo bat abiatuko du Donostiako Tabakaleran. Kultura Garaikideko Guneak antolatzen dituen Fokuetako bat da, urritik abendura Bellonen lanak berrikusteko aukera emango duena.
Menu horretan mahai-inguru batek jarriko du aperitifa: Eric Le Royk Belloni buruz idatzi duen liburuari buruz hitz egingo du, hura gaztelaniara itzuli duen Luisa Etxenikerekin batera, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak moderatuta. 19:00etako hitzordu hori larunbatean errepikatuko da Bilboko Arte Ederren museoan eta bi kasuetan Quelque part quelqu’un filma proiektatuko dute jarraian.
Ondoren, datozen hiru hilabeteetan, ostegunero Lapurdin jaiotako zuzendariaren hainbat lan proiektatuko dituzte, 1948an estreinatu zuen Goémons film laburretik hasita eta saio guztiek izango dute errepika Bilbon ere.
Gogo berezia daukat Donostian urriaren 17an eta Bilbon 19an emango duten Le souvenir d’un avenir berrikusteko: 2001ean egin zuen 42 minutuko lan berezi hori Chris Markerrekin batera, Denise Bellonek –zuzendariaren amak– II. Mundu Gerraren aurretik egin zituen argazkietan ondoren gertatuko zen desastrea iragartzen duten aztarnak bilatuz.
Zuzendari konprometitu eta feministatzat jo izan du zinemaren historiak Bellon. Joera horren erakusgarri izan daiteke L’amour violé filma, zeinean bortxaketa baten disekzioa egin zuen –azaroaren 14an emango dute Tabakaleran eta 16an Arte Ederren Museoan–. 1978an estreinatu zen pelikula horrek sekulako arazoak izan zituen finantzazioa lortzeko, baina behin pantailetan, arrakastatsua izan zen oso. Flm horren ondoren errodatu zuen L’amour nu-ren kasuan berriz (1981), bularreko minbizia bati aurre egiten dion protagonistak feminitateari buruz gizartean indarrean zeuden ideiak gainditzen ditu –azaroak 21 Donostian; 23 Bilbon–. La triche (1984) pelikularen kasuan, bisexualitateari buruz jardun zuen, sexu jarrera horrek ezarritako ordenari nola molestatzen dion erakutsi nahian –azaroak 28 Donostian; 30 Bilbon–.
Berrikustea merezi duen filmografia baten pintzelkada nabarmenenak besterik ez dira; detaileetan sartu nahi duenak, Euskadiko Filmategiaren webgunean dauka programazio osoa eskura.
Yannick Bellon: aldarrikatzeko moduko zinegile biarriztar bat
Gorka Bereziartua
0