Udaberriko loreak bezala edo aknez kargaturiko piztiak bezala –agian bien konbinazio bat–, agertu dira gazteak Landako gunean Durangoko Azokaren 54. edizioa inauguratu duen ikasleen egun tradizionalean. Ustez behintzat, hori izan beharko litzateke gaurko gaia: nola erakarri gazteak euskaraz sortzen den kulturara, globalizazioa eta trantsizio digitala bezalako erronken aurrean, gure egoera gutxiagotua kontuan izanda eta abar eta abar. Baina, agian kezka eta buruhauste horiek alde batera uzteko garaia iritsi zaigu, izan ere dena –edo ia dena– primeran doa.
Ez diot nik, Eusko Jaurlaritzak baizik. “Kulturaren Euskal Behatokiak egindako azterlan baten arabera, EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko euskal hiztunen %56k parte hartzen dute euskarazko kultur jardueretan”. Duela sei egun EAEko Gobernuak publikatutako inkesta-aurrerapen baten prentsa-oharreko titularra da eta pixka bat beherago diziplina kultural ugaritan azken hamar urteetan izandako eboluzioari buruzko zenbait datu eskaintzen ditu.
Inkestaren arabera, Euskal Herriko populazio osoaren %54,7k entzuten du euskal musika. Poztuko nintzateke hala balitz, baina ez dakit ba, portzentaje polit horiek zenbaki gordinetara ekarrita kontua ez ote den pixka bat sinesgaitza. Hartu populazioa –15 urtetik gorako euskal herritarrak, alegia, 2.650.000 lagun inguru 2016ko Inkesta Soziolinguistikoaren arabera– eta astindu pixka bat kalkulagailua: herritarren ehuneko horrek euskal musika entzuten badu, 1.449.550 laguneko publikoa da.
Eta datu horri buruz idazten hastean daukadan sentsazioa da parte meteorologikoa ematen duen espikerrarena: leihotik begiratu, kazkabarra ari duela ikusi –zenbat adoleszente entzun ditut euskaraz gaur Landakon?– eta Euskalmetek dioenari kasu eginez giro eguzkitsua daukagula kontatu beharra.
Zeren esango didazue nondik ateratzen diren entzule horiek denak, Euskal Herrian publiko gehien duten irratiek ez badiote euskaraz egiten den musikari ia tarterik eskaintzen; euskarazko irrati-formula publikoan ere ez badute euskal musika askorik jartzen; telebista kate gehienetan euskal musika ez bada existitzen –ez frankoespainiarretan, ezta EAEko kate publikoetan ere–; eta kontsumo digitala ahaztu barik, hor ariketa zehatzagoak egin daitezke-eta: bilatu Youtuben euskal talde ezagunenen bideo ikusienak, apuntatu zenbat ikusle dituzten guztira; eta aplikatu datu horiei arrazoizko zenbait kenketa –noiz kargatu ziren, pertsona bakoitzak behin baino gehiagotan entzuten duela kanta bera, entzule guztiak ez direla euskal herritarrak…–. Nekez ematen dute zenbakiek, non eta “euskal musika entzutea”-ren sinonimotzat ez dugun hartzen “behin entzun nuen euskal kanta bat”.
Xehetasunei begira, are gauza bitxiagoak agertzen dira: Berrian Garikoitz Goikoetxeak inkestaren aurrerapenari buruz idatzitako albisteak dioenez,Ipar Euskal Herrian da handiena euskal musikaren kontsumoa. Hori irakurrita, bi aukera daudela iruditzen zait: 1) definitiboki inkestatik aurreratutako datu batzuk ez direla oso fidagarriak; edo 2) sekulako porrota dela Euskal Autonomia Erkidegoko kultur politiketan dihardutenentzat –egitura administratibo sortu berri eta ahul samar batek lortu baditu Eusko Jaurlaritzak baino emaitza hobeak, orduan Urkulluk asalto bat galdu du bere burua lehendakari bakar gisa aurkezteko konbatean–.
Antzerkiaren gorakada ere nabarmendu du inkestak, hamarkada batean 28 puntu igo baita urtean euskarazko antzezlan bat gutxienez ikusi duten euskaldunen portzentajea: %40, alegia, 300.680 lagun inguru. Biztanle guztiak kontuan hartuta igoera ez da hain handia, baina hala ere, euskal herritar guztien %17,8k ikusi omen du azken urtean euskarazko obraren bat. Zenbakitan: 471.700 ikusle. Hori egia bada, 171.000 lagun inguru euskarazko antzezlanak ikustera joan dira azken urtean, aktoreek zerabilten hizkuntza ulertu gabe. Ostera ere: poztuko nintzateke egia balitz.
Bertsolaritzak izan omen duen gorakadaz, euskal zinemak bere produkzio eskasean eman omen duen datu hobexeagoaz edo literatura jasaten ari omen den beherakadaz ere hitz egin liteke antzeko kalkuluak eginez, baina kasik nahiago dut irakurle bakoitzaren esku utzi, Ahotseneako kontzertuetarako denbora gehiago edukiko dut horrela.
Kontu honetan inportanteena beste zerbait dela iruditzen baitzait: inkestaren aurrerapena noiz argitaratu den, nork egin duen eta zergatik. Euskararen Egunaren atarian eta Durangoko Azoka hasi baino egun batzuk lehenago eman ditu zenbaki baikor samarrok Jaurlaritzak. Siadecok egindako ikerketa da, hau da, iaz Elkarrek gai beraren inguruan –baina bestelako ikuspuntuarekin eta ondorio negatiboagoekin– egindako ikerketaren egile bera. Urte bakarrean hainbeste aldatu da kontua? Edo kultur-ohiturak zertan diren aztertzeko eskatu aurretik bakoitzak bere elkarte gastronomikoko sukaldean prestatzen du inkesta?
Auzia agian esaldi honetan sintetizatu daiteke: nolako ikerketak, zein politika kultural justifikatzeko.
Bitartean, “kultur kontsumoa” delako horrekin baino “kultur bizitza”-rekin kezkatuago dagoenari inork ez dio kentzen urtero egun honek eragiten duen tristuratxoa, 15 urteko gazte bat galdezka etorri eta Durangoko Azoka zer den ia zerotik esplikatu beharrak eragiten duen horixe.
3 Iruzkin
Oso deigarria iruditu zait antzerkiaren ikusleen kontua. Sailburuak esandako definizioaren arabera, ez-euskaldunen artean “euskara ulertu dezaketenak edo hizkuntza-gaitasuna txikiagoa dutenak, haien ustez” sartu dituzte ikerketa horretan; alegia, elebidun hartzaileak (“Hitz egiteko gai ia hiru herritarretik bat da (%30), eta ulertzeko gai, bostetik bi (%39)”).
Hobeto uler daiteke horrela zer dela eta dugun horrenbeste “ez-euskaldun” euskal antzerkiaren ikusle. Beharbada, AEK-k urtero antzerkira eramaten dituen ehunka ikaslek, esaterako, kategoria horretan sartuko lukete euren burua.
[…] bateko zenbakiak izan genituen hizpide atzo eta gaur, Durangoko Azokako bigarren eguna hasi baino lehen, estatistikak aurkitu ditut nire […]
[…] Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria […]