Zinezale euskaldun asko poztuko ziren atzo, irakurri zutenean Filmin plataformak euskarazko kanala martxan jarri duela. Pelikulak euskaraz ikusteko lehenbiziko streaming plataforma 2020an iritsi da, ikus-entzunezkoen kontsumoa mota horretako atarietan guztiz normalduta dagoenean, eta albistearekin poztu arren, bati baino gehiagori geratuko zaion sentsazioa da euskaldunok, berriz ere, berandu iritsi garela paradigma aldaketara.
Urtzi Urkizuk jaso duenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik gabe ireki du kanala Filminek. Ekimen propioa izan dela, alegia. Hala azaldu du Jaume Ripoll plataformaren arduradunak Berria-n. Aldiz, Filminen bertsio katalanak hiru urteko ibilbidea dauka dagoeneko eta Generalitateak 150.000 euroko laguntza batekin eman zion bultzada hasieran.
Ez dirudi gobernu autonomiko batentzat kopuru astronomikoa denik, bueltan hizkuntza gutxitu batean egiten den zinemari ematen dion ikusgarritasuna kontuan izanda. Inbertsio-itzulkin termino ekonomikotan bakarrik aztertuta ere –ez da politika kulturalez aritzeko gehien gustatzen zaidan markoa, baina gestiogintzari antza denez bai–, diru publikoa askoz modu zalantzazkoagoetan gastatu den kasuak ezagutu ditugu paraje hauetan –oraindik gogoan ditut Etxepare Institutua aurkezteko egin zen ikuskizunean gastatutako 200.000 euroak–.
Erremateko tiroa, ordea, Eusko Legebiltzarreko buletin ofiziala gaingiroki begiratzen ari zarenean etortzen da, orduan deskubritzen duzulako Filmin Euskaraz sor zitekeela ia katalanezko bertsioarekin batera 2017an, baina Jaurlaritzak ez ziola babesik eman nahi izan. Horixe esplikatu zuen Jaume Ripollek iazko urrian Bilbon, EhuGunek eta Ezkerraberri Fundazioak antolatutako “Ikus-entzunezkoen erronkak Europako hizkuntza ez-hegemonikoentzat” jardunaldian, Rebeka Ubera legebiltzarkideak (EH Bildu) Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari zuzendutako galderan gogora ekarri zuenez.
Zupiriak erantzun zion esanez EAEko Gobernuak bi atariren bidez –eLiburutegia eta Liburubila– eskaintzen dituela streaming bidez euskarazko pelikulak eta horiek kudeatzeko lotutako akordioengatik baztertu zutela Filminen aukera.
Hasteko, plataforma horietan “euskal zinema” gisa berdin-berdin agertzen dira euskaraz edo gaztelaniaz egindako pelikulak –marka da gero Filminek sentsibilitate handiagoa izatea euskararekin Jaurlaritzak baino–.
Jarraitzeko, ikusleari zalantza pare bat sortzen zaizkio: batetik, nola demontre ezagutu dezakeen publiko orokorrak eLiburutegiaren film katalogoa, hura iragartzeko lan handirik egin ez bada; bestetik, nola nahi duen Jaurlaritzak eLiburutegiko eskaintza lehiakorra izatea streaming plataforma handiekin, ez baldin badu aplikazio triste bat ere garatu bizi dugun pantaila ugaritako munduan erabilgarri izateko.
Eta amaitzeko: eLiburutegitik ikus daitezkeen pelikulen kopuru handi bat, hain zuzen, Filminetik hartzen da, zerbitzua noizbait erabili duenak badakien moduan.
Oso tristea da ikus-entzunezkoek gure bizitzan hainbesteko pisua hartu duten garai honetan euskarazko eskaintzarekin gertatzen ari dena: dirua badago, aukerak badaude, baina erabaki oker askoren ondorioz, gure hizkuntzan produzitzen denak sekulako mugak dauzka bestela ere lortzen zaila den publikoarengana iristeko. Eta neurri handi batean, kudeatzaile txarren errua da hori.
2017tik egon zitekeen Filmin euskaraz, Jaurlaritzak lagundu izan balu
Gorka Bereziartua
0