Zergatik dagoen galizierazko pelikula bat Berlinalen (eta euskarazkorik ez)

Gorka Bereziartua
0

Lois Patiñoren ‘Lúa vermella’ Berlinaletik pasa da.

Kontua zera da: Lois Patiño zuzendariaren Lúa vermella pelikula Berlinaleko Forum sailean estreinatu dela eta berriz ere galizieraz egindako film bat zeresana ematen ari dela Europako zine jaialdi inportanteenetako batean –iaz Oliver Laxeren O que arde-k Canneseko festibalean Un certain regard saileko epaimahaiaren saria lortu zuen–.
Inbidia ematen du Galiziako zineman azken urteetan gertatzen ari denak: zuzendari berri sorta bat agertu da, Novo Cinema Galego etiketapean berezko estilo identifikagarri, bereizi eta berritzailea daukaten pelikulak egiten ari dena. Fenomenoa nazioarteko jaialdietan edukitzen ari den errekonozimendutik landa, merezi du ulertzen saiatzea zerk egin duen posible. Eta faktoreak asko izan daitezkeen arren –literatura akademiko dezente dago jada gaiaz, sakondu nahi duenaren eskura–, nik bi nabarmenduko nituzke: batetik, zinegileen ikuspegi aldaketa; eta bestetik, mende honen lehenbiziko hamarkadan Galiziako Xuntak zinema finantzatzeko abian jarritako sistema berritzailea.

Lehenbizikoari dagokionez, Oliver Laxek esplikatu zion ezin hobeto Donostiako Zinemaldian Gorka Erostarberi: “Paradigma aldaketa bat izan da. Gure aurrekoekin alderatuz, ez diogu erreparatzen Madrilen egiten den zinemari. (…) Duela 10-15 urte panorama askoz ere okerragoa zen; Madrilen egiten zen zinema egiten zen [Galizian], eta Madrilen egiten zen AEBetan egiten zenaren kopia… Gu ari gara barrura begira, ez horrenbeste kanpora. Hala ere, nazioarteko abangoardia garaikideak jarraitzen ditugu, ezagutzen dugu zer egiten ari diren kanpoan ere”. Alegia, mundu osoko puntako erreferente zinematografikoekin konektatutako filmak egiten dituztela, ikuspegi propioa galdu gabe –ezta pelikula Suedian grabatuta badago ere, Eloy Domínguez Serénen Ingen ko på isen-en kasuan bezala–.
Bigarrena, ordea, are inportanteagoa iruditzen zait: 2005. urtean, PSdG-k eta BNGk Manuel Fragaren PPri Galiziako Xuntako aginte makila kendu eta lau urtez gobernatu zutenean, finantzazio sistema berritzailea jarri zuten martxan, zinemagile gazteei zuzendua. Sorkuntzarako eta promoziorako diru-laguntza horiek kopuruz ez ziren oso handiak, baina zuzenean sortzaileen esku jarri zirenez, zuzendari gazteei aukera eman zien industriatik pixka bat bereizita funtzionatzeko, mugako eremu batean, zeinean nahasten ziren bideo-sormenaren osagaiak eta 1970eko zine gerrillerotik edaten zuten estetikak eta egiteko moduak.
Segur aski, euren pelikulen ezaugarri zehatzak baino, zine ekoizpen industrialaren aurrean duten jarrerak bereizten du zuzendari galiziarren belaunaldi berria, izan ere, autoprodukzioaren aldeko apustua da mugimenduaren bereizgarrietako bat, baita amateurismoa ere –hitzaren zentzurik onenean: zine formaziorik eduki ez arren, irudien bidez beste zera hori bilatzeko grinak eraman ditu pelikulak egitera–.
Osagai horiekin –eta aipatu gabe utzi ditugun beste batzuekin–, duela hamar urte Oliver Laxeren Todos vós sodes capitáns Canneseko festibalera iritsi zen eta FIPRESCI saria lortu zuen, autore-zineman interesa daukaten mundu osoko ikusleak Galiziara begira jarriz.
30.000 euro besterik ez zituen gastatu Galiziako ikus-entzunezkoen agentziak pelikula hori finantzatzeko. Zenbat gastatu dute dagoeneko Euskal Herriko instituzioek zinearekin lotutako azpiegituretan? Gurea baino eredu eraginkorragoak ez daude oso urruti.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA