Azken broma handia

Gorka Bereziartua
0

Nacho Vegas eta bere taldea igandean Donostiako Victoria Eugenian (argazkia: Arantxa Zabala Atxukarro).

Kontzertu bat zer zen ahazten hasia nintzen eta memoria berreskuratzeko aukera aparta izan da Nacho Vegas zuzenean ikustea. Hiru kontzertu jo ditu bakarlari asturiarrak konfinamendua bukatu zenetik: Madrilen, Bilbon eta atzo Donostian. Victoria Eugenia beteta –esateko modu bat da, edukiera mugak kontuan hartuta– hasi zuen igande arratseko kontzertua, La zona sucia diskoa irekitzen zuen Cuando te canses de mí ederrarekin.

Argitaratu gabeko kantak eta pieza arraroak biltzen dituen Oro, salitre y carbón diskoa aurkeztea zen kontzertuaren aitzakia, baina esango nuke bizitzen ari garen egoera kontuan hartuta, eta igandeko ordu horretarako gure buruen gainean hegaka zebiltzan neurri isolatzaile berrien mamuarekin, publikoaren parte batek barne-depuraziorako ere baliatu zuela okasioa, geroz eta gutxiagotan bizi ditzakegun momentu kolektiboetara eraman baikintuen bakarlariak.
Ez zeuden denak eszenatokian, nahiz eta musikariez gain lau maniki ere ageri ziren, bakoitzak sabelean letra bana margotuta, guztien artean “FAKE” hitza osatuz eta, bide batez, interpretatu ez zuen Actores poco memorables-en bideoklipa gogora ekarriz. Baina ez zeuden denak, “presoak falta dira” esan zuen Vegasek, eta gero taldekide duen Joseba Irazokiz akordatu zen, zeinak ezin izan zuen Donostiara joan neurri sanitarioek hala behartuta. Faltan sumatu genuen beratarra, baina gainontzean Vegasek sasoian jarraitzen duela baieztatzeko balio izan zuen kontzertuak, hasi eta segituan kantatu zuen Lluz d’agostu en Xixón malenkoniatsuarekin ni behintzat poltsikoan sartu baininduen.
Gaztelaniaz abesten duten bakarlarien artean letragile finenetakoa da, abilezia berezia dauka, hori komentatu genuen kontzertu amaieran, hitzen eta melodien arteko konglomeratu konplexuak konposatzeko, letrarik bihurriena ere denbora eta erritmo zehatzetan sartuz, entzulea figura batetik bestera transportatuz. Egia da, eta hori ere esan behar dut, uneren batean pentsatu nuela oso aspaldiko kontuez ari zirela zenbait abestiren letrak, eta ez preseski Violeta Parraren Arriba quemando el sol berera ekarri zuelako; errepertorio berriagoak eragin zidan sentsazio hori, adibidez duela bi urte argitaratutako Violética diskoan aurki daitekeen Desborde abestiak, zeinak Madril osoa urperatzen duen giza-marea bati buruz hitz egiten duen, mugimendu feministaren azken urteetako mobilizazio masiboak poetizatuz.
Distantzia sozialen eta etxeratze-aginduen garaiotatik begiratuta, nostalgia puntu bat ere eragiten dute Vegasek M15az geroztik idatzitako kanta batzuek, azken hilabeteotan zenbat galdu dugun egoskorki gogoraraziko baligute bezala. Baina niri, CEOEren kupula atxilotzen dutela fabulatzen duten abestien aldean, bart arratsean hobeto funtzionatu zidaten desamodioari idatzitakoek, adibidez amaieran jo zuen La pena o la nada-k; edo Ocho y medio-k; edo kontzertua borobiltzeko aukeratu zuen La gran broma final erraldoiak. Birkokatze garai hauetan, zerbaitek esaten dit min intimo horietatik abiatu beharko genukeela espazioak berreskuratzen, Atzo Victoria Eugenia hartu genuen bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA